Iritsi da egun handia. Gaur iluntzean (19:30) abiatuko da ofizialki Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 19. edizioa. Dena den, amaitu berri den asteburuan ere egitasmo honen bueltako hitzorduak egon dira 3...2...1… Zinegoak! programazioaren baitan, eta harrera aparta izan dute gainera. Ez amour ezta toujours antzerki kabareterako, adibidez, sarrera guztiak agortu ziren.
Bada, Albertina Carri artista, aktibista, ekoizle, gidoilari eta zuzendari argentinarra izango da datozen bi asteetan zehar egingo den Zinegoak jaialdiaren protagonista nagusia. Festibaleko zuzendari artistikoa den Alaitz Arenzanak nabarmendu duenez, “begirada hegemonikoetatik harago” doa Carri, eta “lengoaia eta forma propioen esploratzaile nekaezina” da. Hori dela eta, ohore handitzat jo du zinegilea Bilbon izatea, batez ere kontuan hartuta iaz streaming bidez egin behar izan zutela saria emateko ekitaldia, pandemia zela eta.
Carri bera oso eskertuta azaldu da gaur goizean prentsaurrean egindako aurkezpenean: “Ohore izugarria da lanean eta aktibismo artistikoan emandako urte guzti hauen aitortza jasotzea”. Hala, “Zinegoak familiaren parte” sentitzen dela adierazi du. Pasadizo modura, kontatu du lehenengo sariak jasotzen hasi zenean neurri batean deseroso sentitzen zela, eta amamari oparitzen zizkiola. Bada, zendu zenean, sariak bere semeari oparitzen hasi omen zen, eta oraingoa ere berarentzat izango ei da.
Nabarmendu du, gainera, bere ibilbidearen oraingo etapan filmak egitearen helburu nagusia “une zoriontsuak” gertatzea dela. Izan ere, zinema ofizio bat baino askoz ere gehiago da mundu horretan oso gaztetatik dabilen zuzendariarentzat: “Bizimodua da niretzat. Zinemak proposatzen didan eran bizitzea gustatzen zait”. Bada, “dramatik festara” igarotzeko ordua iritsi dela uste du Carrik, hori jarrera iraultzailea baita bere aburuz.
Albertina Carrik, gainera, azpimarratu nahi izan du Bilbokoa bezalako zinema jaialdiak egile zinemarentzako “erresistentzia espazioak” direla, eta azaldu du gustatuko litzaiokela pandemia gainditzen ari garen honetan mota horretako filmeak zinema aretoetara itzultzea.
Gala handia
Esan bezala, gaur iluntzeko ekitaldiarekin abiatuko da Zinegoak jaialdiaren 19. edizioko egitaraua. Iaz bezala, Nerea Arriola aktoreak hartuko du gala aurkeztearen ardura, eta Olatz Salvadorrek musika ikuskizun berezia prestatu du Arriagara bertaratzen direnentzako. Horrez gain, Begiradak saileko hiru film labur proiektatuko dituzte, tartean euskal ekoizpen bat, Aitor Gametxo zuzendariaren Berak baleki. Albertina Carrik antzokiko agertokian jasoko du bere Ohorezko Saria.