Iragarpen historikoa egin dute gaur Bizkaiko garbikuntzan. Ia 30 urte igaro dira gehiengo sindikalak sektore honetan greba azkenengoz deitu zuenetik. Pasa den azaroan kaleak hartzea erabaki zuten elkarretaratze eta manifestazioen bidez soldata arrakalarekin amaitzea eskatzeko. Hala ere, salatu dutenez, patronala "bere horretan" jarraitzen duenez grebara joatea erabaki dute. 12.000 langile inguru daude grebara deituta.
"Bizkaiko garbitzaileen soldatak ez dira 16.000 eurora iristen" salatu dute sindikatuek. Bizkaiko garbikuntzaren hitzarmenaren pean lan egiten dutenen artean "gehiengo batek" lanaldi partzialak dituztela gaineratu dute. 2021ean soldataren %0,5eko igoera, 2022an %2, eta 2023an %2 izan dira aldaketa bakarrak sindikatuen esanetan: "KPIa maximo historikora iritsi den testuinguruan, 18 zentimoko igoerak eskaintzen ditu".
Sektoreak sufritzen duen soldata arrakala nabarmendu dute batez ere. Izan ere, kale garbitzaileek baino %45 gutxiago irabazten dute, "sektore maskulinizatua" hain zuzen ere. Horrekin amaitzeko, 1.200 euro X15-eko soldatak aldarrikatu dituzte.
Eskaera horiek aurrera eramateko garbikuntzako hitzarmena aplikatzen den lan zentroetan egingo dute greba. Sektorea aldarrikapenen alde borrokatzeko "prest" dagoela patronalari argi geratu behar zaiola aldarrikatu dute.