‘Artea, literatura eta feminismoa Euskal Herrian’, bihartik aurrera Foru Liburutegian

uriola.eus 2022ko ots. 28a, 17:52

Martxoarekin batera, bost hitzordu izango dituen hitzaldi zikloa abiatuko dute Susana Jodraren eskutik. Euskal arte garaikidean feminismoak nahiz ingurumenarekiko ikuspegiek duten isla jorratuko du Arte Ederretako doktore den sopeloztarrak. Berbaldi gehienak euskaraz izango dira.

Kultura, literatura eta horien bien arteko eraginak ikertzen dituen LAIDA taldeak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, bihar (asteartea) hasiko den hitzaldi zikloa: Artea, literatura eta feminismoa Euskal Herrian.

Hain zuzen, ikerketa talde horretako kide da lehenengo berbaldia emango duen Susana Jodra. 19:00etan izango da, Foru Liburutegiko bigarren solairuko hitzaldi aretoan. Ikuspegi feminista eta ingurumenarekiko ikuspegiak euskal arte garaikidean izango da ekitaldiaren izenburua. Gaur egun EHUko Arte Ederren fakultatean irakasle dihardu Jodrak.

Hurrengo hitzordua, berriz, astebete beranduago izango da, eta fakultate bereko beste irakasle bat izango du protagonista; Iratxe Larrea, hain zuzen ere. Emakumearen egoera artearen sisteman hitzaldia emango du.

Martxoaren 15ean Txaro Arrazolaren txanda izango da (gaztelaniaz), eta hurrengo astean, hilaren 29an, Jon Martinena. Azken berbaldia apirilaren 5ean egingo dute Jon Kortazarrek eta Amelia Benito del Vallek.

Jarraian ikus daiteke egitarau osoa (hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, eta ordu eta erdiko iraupena izango dute):

  • Martxoak 1: Susana Jodra. Ikuspegi feminista eta ingurumenarekiko ikuspegiak euskal arte garaikidean.
  • Martxoak 8: Iratxe Larrea. Emakumearen egoera artearen sisteman.
  • Martxoak 15: Txaro Arrazola. Crear o procrear: el gran dilema de las artistas.
  • Martxoak 29: Jon Martin. Emakume bertsolarien espazioa gazte sariketetan.
  • Apirilak 5: Jon Kortazar eta Amelia Benito del Valle. Emakumeek idatzitako euskal literaturaz.