Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuarekin, Bizkaiko Taldekakoaren hirugarren edizioa prest dago. Jai-giro informala oinarri hartuta, "bertsogintzaren oinarria motibatu, finkatu eta garatzea" nahi du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Horrez gain, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera ere bultzatuko da.
Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema indartzea da txapelketa honen xede nagusia. Hala, bertso eskolak, talde teknikoak, bertsolariak eta zaleak indartu nahi dira. Izan ere, 23 talde parte-hartzaileen artean denetarik dago; oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko Txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak, edo sekula parte hartu ez dutenak. Talde bakoitzak sei partaide izango ditu gutxienez, eta kanporaketa bakoitzeko hiru bertsolari eta gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile bana egongo dira.
Taldeak Bizkaiko eskualde guztietatik datoz, eta azaldu moduan, Bilboko bi taldek parte hartuko dute: Potojorri taldeak (Ainhoa Arregi, Ainhoa Markinez, Ana Picallo, Ander Altuna, Ander Anakabe, Axier Goñi, Edu Castaño, Enare Muniategi, Javier Martinez Guti, Joseba Barandiaran, Mikel Aiartzaguena, Mikel Galarza) eta Santutxuko Bertso eskolak (Fernando Otsoa, Haizea Telleria, Ibon Ajuriagojeaskoa, Iker Uribarren, Irati Erkizia, Joserra Bilbao, Julene Iturbe, Maddi Askaiturrieta, Oihana Bartra).
Hiru pausu garaipenerarte
Lehen esan bezala, zortzi kanporaketa izango dira; horietako zazpitan hiru talde lehiatuko dira. Norgehiagoka bakoitzean hiru saio labur egingo dira eta guztiak guztien kontra lehiatuko dira. Horietako bakoitzean, hiru taldeetako epaileen balorazioa gehi publikoaren balorazioa erabiliko dira. Martxoaren 25ean izango da lehen kanporaketa, eta maiatzaren 15era bitarte egingo dira gainerakoak, hiru taldeek adostutako toki eta egunean. Potojorri, Taketalez eta Kantakunek taldeekin arituko da Arrigorriagan maiatzaren 13an. Santutxuko Bertso eskola berriz, Take it easy! eta Laukijjek taldeekin arituko da apirilaren 29an Mungian.
Finalaurrekoak eta finala egun berean egingo dira. Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera izango da, Larrabetzun, maiatzaren 28an hain zuzen ere. Hiru taldeetako hiru kanporaketa egingo dira zortzi sailkatuekin, eta kanpoan geratutako taldeen artean zozketaz erabakiko den talde batek osatuko ditu finalaurrekoa. Lehia bakoitzeko talde bat finalera pasatuko da, hiru taldeko azken saioa osatzeko.
Ariketen antolaketa taldeen esku
Saio guztietarako talde antolatzaileak ariketen proposamen bat garatu du, baina ez da nahitaezkoa. Kanporaketa bakoitzean parte hartzen duten hiru taldeek ariketak adostu ahalko dituzte haien artean. Txapelketari buruzko informazioa webgunean ( www.bertsozale.eus/bizkaia/taldekakoa), sare sozialen bidez (Facebook, Twitter eta Instagram) eta posta elektronikoz (bizkaia@bertsozale.eus) lortu daiteke.