Gazteei lekua ireki nahi izan die Loraldia Festibalak bere zortzigarren edizioan. Musikari, idazle, antzezle eta artistak oro har, haien lanak aurkezteko aukera izango dute Zorrotzaurreko irlan, hurrengo larunbatean, ZAWPen laguntzarekin eta Berriak babestuta.
Ekimena egun osokoa izango da eta hainbat ikuskizun eta erakustaldiren bidez euskal kulturaren arlo ezberdinez gozatzeko aukera egongo da. Goizean, aurreko edizioetan egin den Bilbronx berreskuratuko da. Euskal kultura urbanoa ordezkatuko du ekitaldi honek. 12:00etan Jow artistak grafiti tailerra prestatuko du. Ordu erdi geroago Euskal Herriko Beat-box txapelketaren bosgarren edizioa egingo da, lurraldeko zortzi beatboxerrik onenekin.
Jardunaldia osatzeko, sortzaile berriei bere lekua eskeini zaie. Kresala dantza taldeak Aztarnak. Mihisean dantzan ikuskizun esperimentala aurkeztuko du 18:30ean. Xanti Agirrezabalak Satiro izeneko bakarrizketa aurkeztuko du. Erdi gizona, erdi animalia den izaki mitologikoa pertsonifikatuko du Dantzertin ikasketak amaitu ondoren egiten duen lehen lanean. 19:30ean izango da teatro-lan labur hau. Irudia, musika eta literatura nahastuko ditu Gorpuztu-k; jaialdirako bereziki eginda dagoen poesia-bilduma ilustratu baten bidez. Libe Argoitiak irudiak jarriko ditu, Ekiñe Casado eta Iraitz Agirrek musika eta Maria Osesek hitzak.
Musika, gaua girotzeko
Azken bi saioetan musika nagusituko da. Lehenik J Martinaren txanda izango da 22:00etan. Bizkaitar hirukote honek pop elektronikoa lantzen du eta duela bi urte argitaratutako haien lehen lana aurkeztuko dute. Egunari amaiera emateko Noemi DJ-ak kontzertua eskainiko du. Erritmo latinoetan aditua da eta DJ Kool hondarribiarrarekin arituko da 23:30etatik aurrera.
Goizean sarrera librea egongo da. Arratsaldekoa berriz, 5€ balioko du baina emanaldi guztietarako balioko du.