Pagasarrin zabuak jarri izana salatzeko manifestazioa

uriola.eus 2022ko mar. 2a, 12:00

Ampliación Supersur EZ! plataformak mendira igoera antolatu du martxoaren 5ean, Bizkaiko Foru Aldundia bertan eraikitzen ari den aisialdirako eta kirolerako hiru eremuen aurka egiteko, Pagasarri natura gunea, zabuak auzoetan! lelopean.

Duela egun batzuk plataforma honek ezbaian jarri zuen Foru Aldundiak Pagasarri mendian, tontorreko babeslekuaren ondoan, Arnotegin eta Ihurbilen aisialdirako eta kirolerako hiru eremu eraikitzeko hartutako erabakia. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera egin du bere erabakiarekin.

Horren ondorioz, Zabalburun hasiko den mobilizazioa antolatu du Ampliación Supersur EZ! plataformak. 10:00etan aterako da, eta guneak eraikitzen ari den tokietatik igaro ostean tontorrera igoko dira zaburik gabeko Pagasarria eskatzeko.  

Parke hauekin, metropoliaren hegoaldeko saihesbidearen, Supersur izenekoaren, bigarren faseko obrek eragindako kalteak konpentsatu nahi izan dituzte, plataformaren esanetan. Horrez gain, Bilboko Udalak obra horiek egitean "erantzukizun handia" duela salatu eta baimena ematea deitoratu dute: "Konpentsazio-neurriak Plan Berezian jasota daude, eta bertan esaten da proiektuak Bilboko Udalari aurkeztu behar zaizkiola, hark onartzen baititu".

Ingurumenarekin "integratuagoak" dauden planak ateratzea eta Pagasarri bezalako ingurunean "ez artifizializatzea" eskatu zuten. Gainera, mendira joaten diren pertsonek mendiaz "modu naturalean, irudimenez eta askatasunaz" gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten. Pagasarriko gailurreko landaredia berreskuratzea eta lur degradatuak edo habitat mehatxatuak birgaitzea proposatu zuten, Bizkaiko Foru Aldundiaren konpentsazio planetarako.

Azkenik, erabaki hauek guztiak herritarrak kontuan hartu gabe hartu zirela salatu zuten eta hiru gune berriak bertan behera uztea eskatu zuen plataformak.