Gerraren, armagintzaren eta gastu militarraren aurkako mobilizazioa

uriola.eus 2022ko mar. 2a, 16:19

Sabin Etxearen aurrean, "aurrekontuen bitartez Ukrainako gatazka adoretu duten gerra gizon-emakumeak"  seinalatzeko elkartu da jendea, Kakitzat koordinakunde antimilitaristak deituta. 

Ukrainan joan den astean piztu zen gatazkaren ondorioz, gerraren eta armen aurkako aldarriak erakutsi dituzte Sabin Etxearen aurrealdean kontzentratutako pertsonek. Gainera, eskeletoz jantzitako bi pertsona NATO-ren kartelak heltzen agertu dira horren kontra egiteko. Kakitzat-ek adierazi duenaren arabera, gertakari hauek erakusten dute "inoiz baino beharrezkoagoa" dela gizarte "desmilitarizatu" bat.

Izan ere, koordinakunde antimilitaristak salatu duen moduan, estatuko gastu militarretara 22.000 milioi euro bideratu dira, eta Eusko Jaurlaritzak "gerraren euskal industriari" 100 milioi euroko dirulaguntza ematea onartu du. Hori justifikatzeko, segurtasuna "aitzakiatzat" hartzen ari direla salatu du Kakitzatek, eta "arazo sozial larriak" alde batera uzten ari direla azpimarratu dute. 

Europan gertatzen ari den gatazkari begira, "deseskalatze beliko eta armamentistikoa" eskatu dute: "Gerra ez da inoiz gatazketarako irtenbidea izan, zentzugabekeriaren garaipena baizik". Gainera, biztanleria zibilarekin elkartasuna adierazi nahi izan dute: "Kaltetu handiak babestu nahi izan dira gatazka beliko guztietan".

Kalte kolateralak

Salatutako arazo hauek guztiak aintzat hartuta, nazioarteko harremanetan aldaketa sakonak egiteko konpromisoa eskatu dute gaurko ekimenaren bidez. Izan ere, 841 milioi pertsonak gosea pairatzen dute, eta 1.000 milioik ez daukate etxebizitza egokirik, koordinakundeak nabarmendu duenez. Bestalde, gerrek disidentziaren eta gizarte-mugimenduen kriminalizazioa areagotzen dutela azpimarratu dute. Azkenik, herri klaseetan areagotzen ari diren politika "xenofobo eta estigmatizatzaileak" eta errefuxiatuen eta migratzaileen jazarpena aipatu dituzte.