Antolakuntza feminista, zaintza publikoa borrokatu leloarekin, “lehentasun soziopolitiko eta ekonomikoak berrantolatuko dituen egiturazko aldaketa” aldarrikatuko du martxoaren 8an Bilboko kaleetan barrena joango den manifestazioak, 19:30ean Jesusen Bihotzetik abiatu eta udaletxera iritsi arte. Dena den, jakinarazi dute hainbat auzotatik zutabeak aterako direla ibilbide nagusiarekin bat egiteko. Bilbo Feminista Saretzean kolektiboak egin du deialdia.
Gaurko agerraldian argi utzi nahi izan dute ez direla apurrekin konformatuko: “Zaintza sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa ezartzea aldarrikatzen dugu”. Hala, zainketa sistemak merkatuaren logikatik at egon behar duela uste dute deitzaileek, eta sektore horretan azpikontratazioekin amaitzearen alde azaldu dira.
Emakume migratuen egoeran jarri nahi izan dute azpimarra; izan ere, pandemiak emakumeak zainketa arloko lanekin are gehiago kargatu dituela salatu dute, eta zainketen oinarrian daudenak, hain zuzen, andre migratuak direla azaldu dute: “Aitortza politikoa, soziala eta laborala eskatzen dugu, esklabotza baldintzetan bizitza sostengatzen dutelako”.
Hori guztia aintzat hartuta, emakume feministei antolatzeko deia luzatu diete, eta mugimendua indartzeko gune baten beharra aldarrikatu dute.