IMQ-ko Virgen Blanca eta Zorrotzaurreko garbitzaileak azaroaren 23an greba egiteko asmoa plazaratu zuten, "oso feminizatuta" dagoen kolektibo batean soldata arrakala ezabatzeko. Bi egun geroago, ordea, IMQk jakinarazi zuen garbiketa zerbitzua bere gain hartzeko asmoa zuela eta urtarrilaren 1ean, 90 garbitzaile kaleratu zituen.
Horren ondorioz, kasua epaitegietara eramatea erabaki zuen ELA sindikatuak. Haien eskubideak defendatzeagatik eta soldata-arrakala salatzeagatik kanporatu zituztela arrazoitu zuen sindikatuak eta hori langileen oinarrizko eskubideen urraketa izan zela salatu zuten. Otsailaren 22an ospatu zen epaiketa eta martxoaren 1eko datarekin, EAEko auzitegi nagusiak, sindikatuaren errekurtsoa onartu zuen.
Epaian, egiaztatuta geratu zen langileen urteetako "jarduera sindikal eta juridikoaren ondorioz" izan direla kaleratzeak. Bere lanpostuetan berriz onartzeaz gainera, bakoitzari 1.000 euroko kalte ordaina eta ELA sindikatuari 40.000 eurokoa eman beharko die IMQ-k.
Epaiaren arabera, ohikoa ez den bezala borrokatu dute garbitzaileen kolektiboak. Izan ere, hasieratik erakutsi dute batasuna eta mobilizazioak ere egin dituzte, soldata-arrakalaren aurkako egunean ikusi zen moduan. "Egonkortasuna eta batasuna erakusten duen talde baten aurrean gaude, mobilizazioetara, kontzentrazioetara eta greba mugagabe batera iristeko gaitasuna duena", azaldu du epaiak.
Langileen batasuna eta borroka azpimarratzeaz gain, sexu diskriminazioa egon dela ondorioztatu du epaiak: "Kaleratze kolektiboak gehienbat kolektibo femenino batengan du eragina, eta, beraz, sexu diskriminazioa dagoelako ere baliogabetu behar dira kaleratzeak. Hau da, emakume izateagatik kaleratu dituzte".
Borrokaren garrantzia
ELA-k, IMQ zuzendaritzaren jarduera "arduragabea" salatu du, sindikatuak akordio batera iristeko egin dituen eskakizun guztiei muzin egin dielako. Horrekin batera garaipenagatik zoriondu ditu langileak " berdintasunaren aldeko borroka gogorraren adibide argia izateagatik eta borrokatzeak merezi duela azpimarratzeagatik".