Eskola jangeletako lizitazioek langileen zein zerbitzuaren baldintzak kaltetzen dituztela salatu dute

uriola.eus 2022ko mar. 4a, 11:10

Hezkuntza Sailari enpresa esleipendunen mesedetan eta beharginak albo batera utziz jokatu izana leporatu diote LAB sindikatuko kolektibitateetako langileen ordezkariek.

“Enpresa batzuek 21,78 euro eta 23 euro arteko eskaintza egin dute jangelako langileei dagokienez, lizitazioan gehieneko prezioa 26,7 euro izanda”; adibide horrekin islatu du Andoni Alonso bozeramaleak eskola jangelako zerbitzuen lehiaketa publikoetan enpresek aurkeztutako eskaintzen nolakotasuna, berresten duena, bere esanetan, “Hezkuntza Sailari ez zaizkiola batere axola ez ikasleak ez jangeletako langileak”. Menuari dagokionez ere, geheinezko preziotik urrunegi dauden eskaintzak nagusitu direla eman dute aditzera.

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi egotzi diote erantzukizuna bere gain ez hartzea, eta uste dute enpresa pribatuek “ikasleen elikadurarekin eta lan baldintzekin jolastea” onartzen ari dela.

Sindikatuko kideek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak esan zieten lote kopurua handituko zuela tokiko enpresek ere sartzeko aukerak izan zitzaten. LABek atera duen ondorioa, baina, honakoa da: “Multinazionalen presentzia handitzea besterik ez du lortu”.

Ildo horretatik, ikastetxeetan bertan janaria prestatu ahal izateko sukaldeak izateko aldarrikapena plazaratu du Alonsok, eta azaldu du ikasle, guraso eta hezkuntza zentro askoren eskariadela.

Azkenik, eskola jangelen egoera salatu eta Hezkuntza Sailari “jangela duinak eta kalitatezko elikagaiak” eskatzeko asmoz, hezkuntzako zein gizarteko eragileei eta gainerako sindikatuei bat egiteko dei egin die LAB-ek, eta jakinarazi dute aurrerantzean protestak egiten jarraituko dutela.