Egun bietan 19:30ean izango da emanaldia, eta Bilbon taularatu ostean, hainbat herri eta hiritan zehar ibiliko dira, antzokiz antzoki. Martxoaren 18an, esaterako, Leioako Kultur Leiora eramango dute Alderray.
Bilboko pase biei dagokienez, sarrerak dagoeneko eskura daitezke Arriaga Antzokiaren webgunean edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian. Prezio orokorra 18 euro da.
Mikel Martinez bilbotarra dago obrari izena ematen dion Alderray pertsonaiaren atzean. Ehiztaria eta istorio kontalaria da, eta bizitza osoa eman du kalerik kale pertsona berezien bila, haien istorioak kontatu ahal izateko borondatearen truke. Dagoneko, baina, zaharkituta dago eta indarra galdu du. Beraz, misantropo garrantz eta asozial bihurtuta baldin badago ere, azkenik onartuko du bere lanaren miresle gaztearen laguntza. Sandra Fernandez Agirre barakaldarrak antzeztuko du azken rol hori, antzezlanean izenik izango ez duen pertsonaiarena, Alderrayk morroi deitzen duena.
Bada, Alderrayren istorioak tartekatuz joango dira obrak aurrera egin ahala, guztira hamar, baina kontaketa horiek taula gaineko pertsonaiekin gero eta lotura handiagoa izango dute, eta guztien artean istorio nagusi bat osatuko dute azkenean. “Narrazioen narrazio gisa” egituratuta omen dago, Patxo Telleria zuzendariak azaldu duenez.
Bikotea ireki dute
Patxo Telleria zuzendariak, antzezlana sortzeko prozesuaz galdetuta, adierazi du abiapuntua “oso pertsonala” dela, “edozein kontalari egon baitaiteke hor barruan”. Hala, Alderray-ren unibertsaltasuna azpimarratu du, eta aurreratu du edonork izango duela taularatuko diren kontakizunekin identifikatzeko beta.
Hainbatetan ikusi ahal izan ditugu elkarrekin lanean Patxo Telleria eta Mikel Martinez, gehienbat komedia moldean jardun izan badute ere. Alderray, aldiz, umore ukitu horretatik aldentzen da. Bestalde, oraingo honetan hirukoa osatu dute Sandra Fernandez Agirrerekin batera. Azken horrek aurkezpenean adierazi du “erronka” izan dela euskal antzerkiko beterano hauekin, “figura oso inportante” gisa deskribatu dituenekin, lan egitea.
“Izatezko bikotea gara, baina harreman irekia dugu, eta esperientzia hau oso emankorra izan da”, esan du Martinezek. Fernandez Agirreren interpretaziorako talentua goraipatu du, eta uste du entsegu eta prestaketa lanen emaitzak “ikusleen arreta eta emozioa bereganatzeko gai den erakarmen indarra” duela. Prozesu hori, bada, normalean baino laburragoa izan omen da Fernandez Agirre ohituta dagoenerako, testua nahiko finkoa delako. Hala, horrek hasieran “bertigo apur bat” eman bazion ere, bere kideekin elkarlana erraza izan dela dio, eta pozik eta gogotsu omen dago ikusleei lana aurkezteko.