Gutxienez 1.200 euroko 15 paga barne hartuko dituen hitzarmena eskatzen dute, eta hori aldarrikatzeko greba egingo dute martxoaren 31n.
Berriki sortutako kolektiboa da Gora Garbitzaileak izenekoa, eta hilaren 3an hiriko hainbat iturri morez tindatu eta gizonezkoen hainbat estatuetan eskularruak eta fregonak zintzilikatu ostean, gaurkoa bigarren ekintza izan dute, LAB eta ESK sindikatuekin batera gauzatu dutena.
“Ez dugu enpresa ausaz aukeratu. ISS Danimarkako multinazionalak 2.000 langile inguru ditu Bizkaian. Bere bezeroen artean, Basauri edo Getxoko Udalak, BEC, Amazon edo Coca Cola nabarmentzen dira. Gainera, ISS da, hain zuzen ere, Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari den enpresetako bat, garbitzaileon soldatak 1.200 eurora ez iristearen arduradunetako bat”, azaldu du Gora Garbitzaileak taldeak.
Data ere ez da ausazkoa izan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren biharamuna, hain zuzen. Sektore feminizatuen prekarizazioari aurre egiten jarraitzeko asmoa erakutsi nahi izan dute hala: “Prest gaude eurena bezalako erraldoiei urteko egun guztietan aurre egiteko, gure lanak eta soldatak duindu arte”.