Lau hilabetean zehar gauzatu diren lanak Bilboko eta Sondikako udalek eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bultzatu dituzte. Artxanda Aktibatzeko Planaren baitako ekimena da, eta memoria historikoa berreskuratzeko xedea dauka, udalak azaldu duenez.
Pasabidea edo zaldaina 186 metro da luze, eta 2 metro zabal. Hura egiteko, ez da hondealanik egin behar izan, salbu eta hura eusteko zutabeetan; hala, bada, ustezko arkeologia-gune batean lur mugimendu handiak egin beharra saihestu da. Nolanahi ere, arkeologo talde batek ikuskatu ditu lanak.
Zaldainak baditu gune zabalago batzuk, eta interpretazio atrilak ipini dituzte haietan, tokian bertan informazioa ematen dutenak eta aukera ematen dutenak gai gehiago ere irakurtzeko QR kode batzuen bidez. Informazio-panelak honela daude antolatuta: lehena, hondeatutako eta zaharberritutako lubakiaren beraren gainean, eta beste bat metro batzuk atzerago, lursailaren berezko laugune batean. Bertara iristeko seinaleak ere jarri dituzte, besteak beste, Hatz Markaren parkean.
Lubakiari berari dagokionez, zaharberritu egin dute eta zaku-oihalak jarri dituzte bertan, gerra garaian zeukan itxura emateko asmoz.