zozketa

'Mira Hadi'-k lehenengo euskal argazkilaria ekarriko du gogora

uriola.eus 2022ko mar. 11a, 14:18

Eulalia Abaitua, andre-begietan Loraldiaren teatro lan propioaren bitartez, argazkilariaren bizitza puskak kontatuko dira begirada garaikide baten bitartez. Arriagan egingo da martxoaren 15ean 19:30ean.

Loraldiak errekonozimendua eskaini eta balorean jartzen ditu euskal kulturaren erreferenteak urtero Mira Hadi ikuskariaren bitartez. Anton Abadia, Elkano edo Iparragirre izan dira horietako batzuk eta aurten Eulalia Abaitua argazkilariaren txanda izango da.

Antzerkigintza bitartez hiru emakumek eramango dute aurrera omenaldia. Patxo Telleriak idatzi du gidoia eta Getari Etxegarai da zuzendaria. Bestalde, Ane Pikaza argazkilariaren bizitza eta memoria osatuko du teatro kontaketaren bitartez eta Maite Larburuk, istorio miresgarri honek merezi duen giroa prestatu du musikaren bitartez. Berak sortu du soinu-banda eta zuzenean joko du. 

Eulaliaren argazkien bildumaren parte bat erakutsiko dute, gaurko ikus-estetikara moldatuta, Alphax estudio bilbotarraren eskutik. Gainera argiztapenaren diseinua eta jantziak atal artistikoa osatuko dute. Arantza Flores izan da argien arduraduna eta Betitxe Saitua berriz arropaz arduratu da. 

1853.an jaio zen Bilbon eta Liverpoolera joan zen gaztetan Eulalia Abaitua. bertan argazkilaritza deskubritu eta bueltatzean, euskal ohitura eta festak betikotu zituen bere irudietan, bertoko lehen argazkilaria bihurtuz. Batez ere emakumeak jarri zituen kameraren beste aldean eta argazkilaritza antropologikoaren ordezkari bikaina izan zen.

Loraldiaren produkzioa

Edizio guztietan bezala bere produkzio propioa aurkeztuko du Loraldiak. Aurten emakumearen irudia nabarmenduko dute eta urtero bezala, industria sustatzeko, euskal erreferenteak gaurko garaietara ekartzeko, balorean jartzeko eta diziplina ezberdinak uztartzeko sortutako lana izan da. Euskal Herrian zehar biran ibiltzeko sortu da eta horregatik obra txikia eta jasangarria da.