Blas de Otero-Ángela Figuera nazioarteko poesia lehiaketaren XV. edizioa

uriola.eus 2022ko mar. 14a, 13:50

Bihar, martxoak 15, irekiko da deialdia, eta maiatzaren 30era arte egongo da zabalik. Euskarazko eta gaztelaniazko modalitateak egongo dira, eta bakoitzak 5.500 euroko saria izango du. 

Blas de Otero eta Ángela Figuera poeten omenezko hamabosgarren lehiaketan parte hartzeko epea irekiko da bihar. Parte hartzaileek poema-liburuak bidali ahalko dituzte maiatzaren amaierara arte.

Lanak formatu digitalean entregatu beharko dira eta gutxienez 500 bertso eta gehienez 1000 izan beharko dituzte. Lanen gaia, errima eta neurria librea da. Poema-bildumek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute nahitaez. Ez dago baimenduta aurretik beste lehiaketetan sarituak izatea edo accesitik lortutakoak izatea. Gainera, bai ala bai, euskaraz edo gaztelaniaz izan beharko dira.

Aurreko urtean, Angel Erroren Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak euskarazko saria irabazi zuen, eta gaztelaniazkoa, aldiz, Ramón Cresporen Cuido una planta bella que ama y busca la sombra obrak.

Hurrengo helbideetara bidali beharko dira lanak:

Bilbaopoesia jaialdia

Poesiarentzako hilabeteak izango dira. Izan ere, bihar Bilbaopoesiaren XXIII. edizioa hasiko da. 24ra arte errezitaldi, kontzertu eta lehen mailako poetekin ospatuko dira topaketak. Hasiera emateko, Sabina de la Cruz gogoratuko dute eta bere bikotekide Blas de Oteroren legatuaren zaindari gisa izan zuen alderdia azpimarratuko dute, bihar Bilboko poesiagilearen jaiotzaren urteurrena baita. Paco Ibáñezek eta Fanny Rubiok Recordando a Sabina de la Cruz elkarrizketaren bitartez egingo dute omenaldia.

Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusia eszenatokia izango da berriz ere. Bidaiaren kontzeptua izango da nagusi aurten eta horregatik Euskal Herriko mugetatik kanpoko poetak itzuliko dira jaialdira. Uruguai izango da protagonista, bi poetarekin. Horietako bat Ida Vitale izango da. 45eko Belaunaldiko uruguaitarra da, eta 2018an Cervantes saria jaso zuen. Horrez gain Mario Benedetti omenduko du jaialdiak, Te quiero, Benedetti lanaren bidez.