Bizitzaren garestitzearen aurka kalera ateratzeko deia

uriola.eus 2022ko mar. 16a, 11:38

Kontseilu Sozialistak manifestazioak egingo ditu larunbatean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bilbokoa arratsaldeko seietan abiatuko da Eliptika Plazatik. Besteak beste, argindarraren, gasaren, elikagaien zein gasolinaren prezioek izandako igoera salatzea izango da mobilizazioaren helburua.

Plazaratu duten irakurketan adierazi duenez, Kontseilu Sozialistak uste du pandemia garaian normalizatu egin dira oinarrizko eskubideen urraketak, eta horri mundu mailako agintariek abiarazitako gerraren ondorioak gehitu zaizkiela orain: "Jakina den bezala, gerraren gastuak herritar xumeok ordainduko ditugu, alde batekoek zein bestekoek. Gerra azken urteetan areagotzen ari ziren pobrezia eta eskasia handitzera etorri da, eta oinarrizko produktuen prezioak biderkatzen ari da".

Hala, salatu nahi izan dute "batzuek gerrarekin euren poltsikoak betetzen dituzten bitartean", beste batzuk hilabete amaierara iritsi ezinik dabiltzala. Izan ere, oinarrizko hainbat produktu eta zerbitzuren prezioa areagotu egin da azkenaldian, Kontseilu Sozialistak deialdiarekin batera plazaratu duen eskuorrian zehaztu duen moduan.