Egoitzetako grebalariek ozen entzunarazi dituzte beren aldarrikapenak

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko mar. 17a, 14:15

Greba egiten ari dira gaur Bizkaiko egoitzetako langileak. Aldarrikapenak kalera atera nahian, LAB sindikatukoek goizean eserialdia egin dute Foru Aldundiarenn, instituzio horren inplikazioa exigitu nahian. ELAk, berriz, Deustuko Zubian trafikoa eten du eta Gizarte Ekintza Sailaren egoitzara jo du jarraian.

“Ratio duinak” ezartzeko eta lan baldintzak sektore publikoko langileenekin parekatzeko aldarrikatu dute gaurko mobilizazioetan. Izan ere, LABeko kide Ane Escondrillas Bengoetxeak azaldu duenez, “egungo lan-kargek gure osasuna kaltetzen dute”. Bestalde, egoitzetako langile kopurua areagotzea zerbitzuaren beraren kalitatea bermatzeko ezinbestekoa dela uste dute grebalariek.

Biltzeko eskaerei erantzun ez izana leporatzen diote sindikatu biek aldundiari eta, zehazki, Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillori. Bere jokabidearen bitartez hitzarmena blokeatzen ari dela uste dute, eta Bizkaiko Foru Aldundia “patronalaren konplize” izaten ari dela ere bai. Egoera horren aurrean, mobilizazioekin jarraituko dutela eman dute aditzera ELAk zein LABek.

Aldundiaren inplikazio eske

Sindikatu bakoitza bere aldetik atera da gaur kalera. Goizeko hamaiketan egin du LABek kontzentrazioa Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Horren aurretik, baina, jauregiaren atzealdeko atearen aurrean eserialdi zaratatsua egin dute langileek, segurtasuneko langileek barrura sartzea eragotzi ostean.

ELAkoak, aldiz, manifestazioan joan dira Gizarte Ekintza Sailak Ugasko bidean duen egoitzaraino, eta Deustuko Zubia moztu dute minutu batzuez. Hala, momentuz negoziaketan parte hartzeko eskaerei erantzun ez dien Sergio Murillo diputatuari zuzenean eskatu nahi izan diote inplikazioa. Egoitzaren atean zeudela, Murillok leihotik begiratu duela ikusi dute, eta mikrofonoaren bidez esan diote langileekin hitz egitera jaisteko. Ez du halakorik egin, baina itzuliko direla jakinarazi diete musikarekin lagundutako jai-giroko mobilizazioan parte hartzen zeudenek.