Gerorik Balego ikuskizunean literatura, bertsolaritza eta musika batuko dira Loraldia jaialdiaren zortzigarren edizioari amaiera emateko.
Aurten, Alaine Agirrek sortu du testu original bat. Horretatik abiaturik, Oihana Bartra, Amaia Agirre eta Nerea Ibarzabal bertsolariak bertsoak sortu beharko dituzte. Gainera, Olatz Salvador musikaria ere egongo da, eta hiru bertsolarien moduan, gaiarekin zerikusia duen pieza bat sortu beharko du. Ikuskizun hau egiten den zazpigarren aldia da, eta urtero mantentzen dute tradizioa. TopArte programarekin elkarlanean, Guggenheim Museoko auditorioan egingo da. Gainera, museoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatu diren ekintzen egitarauan sartu da.
Gerorik Balego-k amaiera emango dio Loraldiari, baina horrekin batera beste ikuskizun batzuek osatuko dute programazioa. Gaur bertan, Uxue Alberdik eta Araiz Mesanzak sortutako Hili liburu ilustratuak irekiko du astea. Maribel Aiertza Rementeriaren Ezer ez da dirudiena-k jarraituko dio asteartean. Belar hostoak. Walt Whitman ikuskizun poetikoa izango da asteazkenean hainbat artisten eskutik, eta ostegunean, Garaiz: 60 T.M. dantza ikuskizuna, Alaia Martinen eskutik.
Ixiar Rozasek, Ainara LeGardonek eta Rafael Martínez del Pozok Unisono deituriko irakurketa-kontzertua egingo dute larunbat eta igandean. Larunbatean, bestalde, Muguruza mani-fest egingo dute hainbat abeslarik, Fermin Muguruza ikusmiran dutela. Azkenik, lehen azaldu bezala, Gerorik Balego-k itxiko du jaialdia hilaren 27an. Dena dela, ekitaldia bakoitzaren informazio guztia eta ordutegi guztiak jaialdiaren web orrian ikus daitezke.
Sarreren zozketa
Ostiralean, martxoaren 25ean, Migratzaileak dantza ikuskizuna aurkeztuko du Aukeran dantza konpainiak. Emanaldi honen bidez, konpainiak mugimenduari irekitzeko ariketa bat eskeini nahi dio publikoari. Irekitasuna adierazi nahi dute dantzaren bitartez.
Emanaldia Arriaga Antzokian izango da eta 19:30ean hasiko da. Bilboko Uriolak ekitaldi honetarako sarrera bikoitza zozketatuko du. Martxoaren 23ko gaualdira arteko epea dago parte hartzeko, eta esteka honen bidez egin daiteke.