ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, Hiru eta Etxaldek, kontzentrazioa egin dute Izadi eta bere gurasoak bizitzen ari diren egoera salatzeko. Iñigo Gutierrezi (aita) hirugarren gradua onartu zioten eta hiru aste beranduago Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen erabakia. Beraz, berriz ere bere hiru urteko alabarengandik aldendu zuten eta txikia amamarekin geratu behar izan zen.
LABeko Cristina Alvarezen esanetan, Izadiren aitak kalean egon beharko luke 2020tik, "euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen politiken ordez, haien legea aplikatu eta beteko balute". Hiru urteko ume baten "eskubideak eta ongizatea", edozein mendekuren gainetik egon behar liratekeela salatu dute.
Algortako Sarek, bere aldetik, Zaballako kartzelako arduradunek Iñigo Gutierrezek jarritako errekurtsoa berehala aztertu eta onar dezaten eskatu du, bere alabarekin egoteko. Sindikatuek haien amorrua eta haserrea erakutsi dute: "Oso kezkatuta gaude eta elkarretaratzeak deituko ditugu, Izadik ama eta aita behar dituela aldarrikatzeko".