“ELAk akordio bat lortu du Ferrovialekin, Guggenheim Museoko instalazioetan garbiketa zerbitzuan lan egiten duten 18 pertsonen lan-baldintzak hobetuko dituena”, azaldu du sindikatuak. Iazko ekainaren 11n hasi zuten greba museoko garbiketaz arduratzen diren beharginek, eta bederatzi hilabete iraun du. Helburu nagusietako bat zen plantillaren lan baldintzak hobetzeko hitzarmen bat adostea, eta, hain zuzen, horixe da lortu dutena. Balio bereko lanak egiten dituzten kolektibo maskulinizatuekiko (kaleko garbitzaileak, esaterako) arrakala desagerraraztea ere bazen borrokaren beste xede bat, baina akordioak ez du barne hartu soldaten parekatzea. Hala ere, langileen ordekariek positibotzat jo dute lorpena.
“Lan-osasunarekin lotutako alderdiei dagokienez, greban dauden langileek behin baino gehiagotan salatu dituzte gehiegizko lan-karga eta -erritmoak. Errealitate horri aurre egiteko, aldeek adostu dute denborak eta lan-kargak neurtzeko azterlan bat egitea, zeregin horiek museoak ezarritako kalitate- eta eskakizun-estandarrekin egiteko behar diren langileak zehazteko”, azaldu du ELAk. Bestalde, txanda kontratua eskuratzearekin lotutako alderdiak ere jasotzen dira, baita lizentzia, baimen eta atsedenaldietan hobekuntzak ere.