Lau greba egun egingo dituzte EAEko telelaguntza zerbitzuko langileek

uriola.eus 2022ko mar. 22a, 12:47

lehen greba egunean eusko Jaurlaritzaren aurrean (irudia: LAB)

Beti On telelaguntza zerbitzuko langileek atzo egin zuten lehen greba eguna, patronalak lan hitzarmenaren negoziazio blokeatuta duela salatzeko. Martxoaren 24an, 28an eta 31n beste hiru greba egun egingo dituzte.

Tunstall Televida-GSR-Grupo IMQ enpresak kudeatzen duen zerbitzuko 120 langileek berriztu gabe daukate hitzarmena. Salatu dutenaren arabera, negoziazioak hasi zirenetik patronalak "ez du KPI errealari lotutako soldata-hobekuntzarik eskaini". Bestalde, ez dute jaso soldatak EAEko sektore soziosanitarioekin parekatuko direla bermatzen duen eskaintzarik. 

Egoera horren harira, LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuen eskutik lau greba egun deitu dituzte. Atzo izan zen lehena, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu ziren, "beste alde batera begira ez dezan" eskatzeko.

Sindikatuek azaldu duten moduan, Tunstall Televida-GSR-Grupo IMQ enpresak daraman Beti ON zerbitzua kudeatzeko zergadunen dirutik 41 milioi euro bideratzen dira. Eusko Jaurlaritza da diru horren titularra, baina ez du mozkinen kontrolik egiten eta horrek zerbitzuaren kalitatearen eta langileen lan-baldintzetan "eragin zuzena" duela salatu dute sindikatuek.

Ohar baten bidez, "inplikatzeko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari sindikatuek, "enpresarekin negoziazioei berriro ekin ahal izateko, eta, horrela, egoera horrekin amaitu eta aurrera egin ahal izateko".