Atxuri eta Bolueta arteko tranbia ostiraletik aurrera egongo da martxan

uriola.eus 2022ko mar. 23a, 11:20

Bi geltokiak eta tartean Abusun eraiki dena lotuko ditu 2,3 kilometroko ibilbideak. Bestalde, Mirafloreseko biribilgunearen parean beste bat eraikitzeko asmoa dago. Inbertsioa 5,2 milioikoa izan da. 

Juan Mari Aburto alkateak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak astelehenean egin zuten ibilbide berri honen estreinaldia. Obra berri honekin metro arinaren sarea luzatuko da eta zortzi kilometro izango ditu bere osotasunean.

Bi geltoki berri gehituko dira eta 16 izango dira guztira Bolueta eta Casilla artean. Proiektua aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzak 5,2 milioietatik %65 jarri du eta Bilboko Udalak %35. Udalak berak iragarri duenaren arabera, Boluetako inguruko hiru mila pertsona ingururi egingo die mesede. "Sei minutuko alternatiba eskuragarria eta jasangarria" da ibilbide berri hau Arriola eta Aburtorentzat. Boluetako geltokia metroaren ondoan kokatu da eta Abusun eraiki dena proiektuaren "berrikuntza nagusia" da, udalaren esanetan. Mirafloreseko tunelaren irteeran, Abusu ikastolatik hurbil eraiki da. Irisgarritasuna hobetzen dela eta eskola komunitatearentzat onuragarria izango dela nabarmendu dute.

Gainera, mendiaren aldeko espaloitik oinezkoen igarotze-fluxua handituko du. Hura errazteko, espaloiaren alde horretatik igarotzeko sekzio erabilgarria handituko da metro batean eta geralekuari jarraipena emango zaio eskola esparrura sartu arte. Trenbidearen alboko bi nasek geltoki berriaren soluzioa izango dira. Hauek trenbide pasagune batekin lotu dira eta bakoitzak markesina bat izango du. Hauek txartelak erosteko eta igarotzea kontrolatzeko behar diren elementu guztiak izango ditu. 

Bestalde,  Atxuri eta Abusu artean, Miraflores biribilgunea eta Indalecio Prieto etorbidearekin bat egiten duen lekuaren parean geltoki berri bat egiteko akordioaren iragarpena egin du alkateak, La peñako auzoaren konexioa hobetzeko. Igogailu bat izango du Miraflores etorbidearekin lotzeko eta Santutxuko behealdean bizi diren pertsonei zerbitzua emateko, Los Caños pasealekuan tarteko geralekuarekin.

Metroko laugarren linea

Mugikortasunarekin jarraituz eta Bilbo saretzearen harira, aurreko astean EH Bilduk iragarri zuen Bilboko Udalari "exijituko" ziola mozio baten bidez, 4. metroko linea ahalik eta azkarren bihurtzeko eskaera "lideratu" dezala. Bostgarren linearen proiektuak Europako finantzaketa jasotzen badu, proiektu honetatik askatzen den inbertsio publikoa "laugarren linea finantzatzeko erabiltzea" eskatu du alderdiak. Hori horrela ez bada, Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari bi lineatan "ahalegin ekonomiko bera" eskatu diote.

Jone Goirizelaia eta Bruno Zubizarreta zinegotziak azaldu zuten Errekalde, bostgarren linea egitea positibotzat jotzen duten arren, Irala eta San Adriango bizilagunak "bi hamarkada baino gehiago" daramatela metroa itxaroten. "Ezin gara haiekin ahaztu. Metroaren 4. linea beharrezkoa da Bilbo metropolitarraren elementu egituratzaile gisa", aldarrikatu dute.