Ikasle greba egon da gaur Hego Euskal Herrian, Ikasle Abertzaleek deituta. Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Hezkuntza Legearen kontra protesta egiteko mobilizazioa abiatu dute Plaza Eliptikotik. Ikasle sindikatua eta UIB ere deialdira batu dira.
Jendetza batu da Bilboko kaleetan zehar Arriaga plazara arte joan den martxan. "Hezkuntza erreforma gelditu" eta "gora ikasle langileon borroka" izan dira aldarri nagusiak isilunerik izan ez duen mobilizazioan. Tentsio momentuak bizi izan dira Ertzaintzarekin Abandoko plaza biribilera manifestazioa heldu denean, baina orokorrean arazo barik igaro da.
"Hezkuntza sistema sozialistaren beharra" aldarrikatu du ikasle Abertzaleak taldeak manifestazioaren amaierako hitzaldian: "Ikasle guztion mesedetara egongo den hezkuntza sistema behar dugu". Hezkuntza sistema "negozio" bihurtzen ari dela izan da salaketa nagusia. Horrela ulertu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak "unibertsitatean ezarri nahi en LOSU, bigarren hezkuntzan ezarri nahi den LOMLOE eta jada martxan dagoen Lanbide Heziketako plana".
Langile klasea zuzenean "kolpa ez dezaten", mobilizazioa eta antolakuntza "ezinbestekotzat" jo dituzte. "Askatasun politikoen defentsa irmoa egitea dagokigu. Gizarte eraldatzearen norabidean ardazten den hezkuntza bat eraiki nahi dugu", gaineratu dute.
Gaur aipatu ez duten arren, grebaren harira ateratako komunikatu batean, erreforma honek segregazioaren arazoa konpontzen ez zuela aipatu zuten: "Beharrezkoa da segregazioaren kontra eta ikasteko eskubidearen alde antolatu eta neurriak hartzea". Horrekin batera, euskaraz ikasteko "eskubidea bermatzeko" neurri eraginkorrak eskatu zituzten komunikatuaren bidez.
Hezkuntza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala aldarrikatu du, amaitzeko, Ikasle Abertzaleak mugimenduak, eta eskerrak eman dizkio jendeari mobilizazioetan parte hartzeagatik.
Elkarretaratzea arratsaldean
Gasteizeko letretako fakultatean 34 gazte atxilotu dituzte bertan eragindako desordenen ustezko egile gisa. Honen harira, Ikasle Abertzaleek indar polizialen "errepresioa" salatu eta elkarretaratzea deitu dute Unamuno Plazan, 19:30ean, atxilotuak askatzea eskatzeko.