“Hitzetik ekintzetarako jauzia”

uriola.eus 2022ko mar. 25a, 10:10

Horixe aldarrikatu zuten 22. Korrika jendaurrean aurkezteko atzo iluntzean BBK Aretoan egin zuten ekitaldian. Sei egun eskas falta dira euskararen aldeko lasterketa Amurriotik abiatzeko, eta apirilaren 10era bitartean lekukoa eskuz esku ibiliko da Euskal Herrian barrena.

Aurkezpen sozialean izan dira Korrikaren arduradun Asier Amondo eta AEKren eledun Aitziber Balantzategi, baita Alizia Iribarren ere, AEKren koordinatzailea. Eurekin batera, 100 gonbidatu baino gehiago, tartean euskalgintzakoak, hedabideetakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, sindikalgintzakoak eta eragile sozialak.

Ekitaldi xumea izan da. Oholtzan, Aitziber Balantzategik aipatu zuenez, “22. Korrikaren leloari jarraikiz, zorionez, denok barneratzen ari gara hitzaren eta ekimenaren urtea izango dela”. KORRIKAren eledunak aipatu du “KORRIKAren ingurumarian bertan hasita, abian jarri dugu doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duen dinamika berria ere, HITZEKIN. Denok euskara doan izenekoa”. Asier Amondo KORRIKA arduradunak hurrengoa aipatu zuen: “Korrikaren ordua da, Euskal Herri osotik, gelditu gabe, Korrika egingo dugu Donostiara iritsi arte. Azken egunean ere ikusi nahi zaituztegu. Apurtu agenda guztiak eta martxoaren 31tik apirilaren 10era korrikara!».

Amaia Ruiz de Galarreta aktorea aritu zen aurkezpen lanetan. Ikasle batek eta irakasle batek osatutako bikotea AEKren bizidekarrean aritu zen Korrikak beste edizioetan ekarri dizkien bizipen eta sentimenduen haritik tiraka, eta 22. edizioko spota eta bideoklipa ere proiektatu zituzten.

Euskara ikasketen doakotasuna aldarri

Atzoko aurkezpen sozialaren aurretik, gorago aipatutako dinamika aurkeztu zuten, euskara doan ikasi ahal izateko aukera eskuragarri jartzea helburu duena. AEK-Korrikatik elkarlanerako bide bat landu dute ELA eta LAB sindikatuekin, eta datorren den ikasturterako doako ikastaro laburrak antolatuko dituzte, hainbat lantokitan prest dauden langile taldeekin. Euskal Herriko lantoki askotan jada ezaguna den dinamika biderkatu nahi dute hala: “Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere”.

Aurkezpenean parte hartu zuten langileen ordezkariek nabarmendu dute prest daudela helburu hori erdiesten laguntzeko, baina nabarmendu dute, halaber, norbanakoen ekimenetik harago, administrazioaren aldetik “erabaki ausartagoak” behar direla: “Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskara ezagutzeko bideak jartzea,
horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzu hori doakoa izatea”.

Bada, aipatutako ikastaroak HITZEKIN. Denok euskara doan egitasmoaren adarretako bat baino ez dira. Hala, horren baitan jorratu duten beste ekimen bat Donibane Garaziko adierazpena da, AEK-k ez ezik, beste euskaltegi askotako ordezkariek ere bultzatu dutena. Apirilaren 4an aurkeztuko dute.