Kaleratze kolektiboaren aurkako grebak eragin du Deia egunkariaren paperezko alea ez argitaratzea duela bi astetik hona, martxoaren 14tik aurrerako greba deitu zutenetik. Greba horrek aurrera jarraitzen duenez, momentuz datozen egunetan ere interneteko bertsioa soilik izango du komunikabideak.
Egunkaria argitaratzen duen Editorial Iparraguirre SA enpresaren erabakiak haserrea eragin du langileen artean, batez ere kontuan izanda azken urteetan lan baldintzen okertzea ekarri duten zenbait neurri hartu izan direla, hain zuzen ere, kaleratzeok saihesteko argudioarekin. Hala, soldatan eta lan baldintzetan murrizketak ian dituzte 2009az geroztik, langileen ordezkariek salatu dutenez: “Gure ustez, langileok ahalegin handia egin dugu urte hauetan guztietan enpresaren bideragarritasuna bermatzeko, eta zuzendaritzaren azken erabakia da kaleratze kolektibo bat aurrera eramatea Iparragirre argitaletxeko langileen %25 baino gehiagorentzat”.
Gauzak horrela, egoera honen aurrean langileen mobilizazioa eta ekintza sindikala omen dira, ELA sindikatuaren esanetan, kaleratzeak ekiditeko bide bakarra.