Osasun publikoa defendatzen jarraituko dute larunbatean. Apirilaren 2ko manifestazioak urte hasieran auzoetako anbulatorioen aurrean egindako protestei emango die jarraipena. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak instituzioak "pandemiaren garaia baino lehenagotik diseinatzen eta aplikatzen ari ziren murrizketetan oinarritutako politikak" egiten ari direla salatu du.
Osasun publikoa osasun pribatuaren mesedetan hondatzen ari direla ere salatu du: "Gure osasuna negozio bihurtzen ari dira". Lehen mailako arretan inbertsioa igotzea, kolektibo zaurgarriengan arreta berezia jartzea, aurrez aurreko arretara bueltatzea eta langileek lan baldintza duinak izatea eskatu dute.
"Eskubideen berdintasuna bermatzen duen osasun sistema bakarra da publikoa. Arreta unibertsal eta doakoa ematen duen sistema bakarra", aldarrikatu du elkarteak. Osasungintza publikoaren alde egiteko, larunbat arratsaldeko manifestaziora joateko deia luzatu diete herritar guztiei.
Beste bi greba egun
Otsailaren 25ean eta 28an Osakidetzan egindako greben erantzunak eta herritarren babesak "berehalako eta sakoneko konponbideak" behar direla erakutsi zuten sindikatuen ustez. Horregatik, beste bi egunetarako greba deialdia egin zuten atzo ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Bilbon egin zuten prentsaurreko bateratuan. Bata apirilaren 8an, eta bestea, maiatzaren 16an.
Aipatutako otsaileko greben aurretik mahai sektorialean zegoen "eduki eta negoziazio eza" salatu zuten. Hala ere, egoera aldatu ez dela adierazi eta ordutik "urrats bat bakar bat ere ez egitea" leporatu zioten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari.