Errondoko V. urteurrena

Ereindako hazietatik auzoan loratutako kimuak

uriola.eus 2022ko mar. 30a, 09:00

Bost urte beteko ditu aurten Errondoko Auzo Etxeak, eta ekintzaz beteriko hiru egun prestatu dituzte hori ospatzeko. Ostegunean hasiko dira hitzorduak, eta larunbatean Katastro sin fe eta Pantx Recordsen doinuek itxiko dute asteburu berezia.

Urteak aurrera doaz eta autogestioak bizirik darrai San Inazion. 2017an auzokide talde batek 17 urte hutsik eta abandonatuta zegoen aspaldiko Eroski supermerkatu baten lokala berreskuratu eta birgaitu zuen. Urte hauetan zehar Elorrieta, Ibarrekolanda eta San Inazioko denbora libreko, kiroleko nahiz kultura arloko taldeen zein kolektibo feministen eta sindikatuen egoitza izan da. 

Aurreko urtean, Eroskik lokalaren okupazioa salatu eta prozesu judizial baten bitartez utzarazte agindua ezarri zuen. Hala ere, Errondokok ez zuen amore eman eta espazioaren alde borrokatu eta prozesua geldiarazi zuten.

Publiko guztientzako ekintzak

Osteguna izango da urteurreneko egitarau bereziaren lehen eguna, martxoaren 31. 18:00etatik aurrera, Itziar Morenoren artelanen eta San Inazioko historia militantearen erakusketa egongo da ikusgai. Ostiralean 19:00etan egingo da ate irekiera eta 20:00etan guztien arteko brindisa egingo dute. DJ Kastak gaua girotuko du eta afaltzeko pizza egongo da aukeran. 

Larunbata izango da egun handia, eta goizetik arratsaldera arte egongo dira ekintzak. Umeentzako txanda izango da 10:30ean. Txepetxen eskutik jolasak izango dituzte Lebante enparantzan. Eguerdian, 12:00etan, poteolinpiada musikatua antolatuko du Zdraskas kuadrillak, Elorrietatik. Poteoaren ostean, bazkaria dator ezinbestean. 15:00etan izango da, eta 5€-ko prezioa izango du. Gainera, pin-pon, dardo eta UNO txapelketak egongo dira jarraian.

Azkenik, egunari eta urteurrenari amaiera emateko kontzertuak egongo dira 20:00etatik aurrera. Katastro sin fe eta Pantx Records arituko dira, baina sorpresa gehiago izango direla iragarri du Auzo Etxeak.