Bilbon ez ezik, Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan, Bergaran eta Amurrion egin dituzte mobilizazioak gaur, eta ikasle ugari batu dira deialdietara. Besteak beste, hezkuntzaren joera neoliberala salatzea izan da Ikamaren asmoetako bat: “Industrializazio garaiko formatu berdina duen hezkuntza eredu batekin jarraitzen dugulako, guztiz zaharkitua dagoena eta ikasleon garapen integrala erdigunean jarri beharrean, kapitalismoaren makinaria olioztatzea beste helbururik ez duena”.
Gaur egun hezkuntza negozioa dela azpimarratu dute Ikamako bozeramaleek, eta egoera horretan ikasleak “eskuetatik lotuta” daudela gaineratu dute: “Itotzen gaituen ebaluazio sistema batekin, gure jatorriagatik ikastetxeka segregatzen gaituztelarik, ikasketa prozesua aurrera eramateko materialetan inbertitu behar dugun diru guztiagatik, ikasleon gaineko etengabeko kontrol etakriminalizazioa, euskaraz ikasi eta bizitzeko ezintasunagatik”. Bada, horren guztien ondorioen artean kokatu dute gazteen artean gero eta ohikoagoa den osasun mentalaren kaltetzea.
Nafarroan gertatzen den hizkuntza zonifikazioa ere salatu dute besteak beste, uste baitute euskaraz ikasteko eskubidearen zilegitasuna ukatzen duela. Horren guztiaren aurrean, euskal herritarrek hezkuntza eredu propioa izateko aldarria zabaldu dute, eta EAEko, Nafarroako zein espainiar estatuko agintariak seinalatu dituzte hori galeraztearen erantzule gisa.
Hezkuntza lege berria hizpide hartuta, berriz, honakoa plazaratu dute gaurko mobilizazioan: “Sistemak eta egitura instituzionalak dituen mugak kontuan hartuta, ikasturte honetan aukera berri bat ireki izan da Hego Euskal Herrian gure herrian dugun eredua iraultzeko. Arriskatu eta posizionatzeko aukera bat, etorkizuneko gure hezkuntza eredua marraztu eta irudikatzeko aukera, Nafarroan momentuz inolako ibilbiderik izango ez duena eta EAEn bide onetik doana”. Hala ere, azpimarratu dute ikusteko dagoela ea nola gauzatzen diren akordioak, eta jakinarazi dute “kaleetan zein ikastetxeetan eragiten jarraitzeko” asmoa dutela.