Kirola eta hezkuntzaren aldeko aurrerapauso bat emango du Bilboko Udalak unibertsitate mailan. 2020an Athletic Club Fundazioak eta EHU-k graduondoko berri baten iragarpena eman zuten. 2020-2021 ikasturtetik kiroleko, hezkuntzako eta bizikidetzako unibertsitate-adituaren titulu propioa eskaintzen da hezkuntza fakultatean eta orain, lankidetza-hitzarmen baten bidez horren garapenean lagunduko du Bilbao Kirolak.
Kiroleko, eskola-kiroleko eta kirol federatuko profesionalei prestakuntza ematea du helburu, ikuspegi berritzaile eta inklusiboa baten bidez. Pertsonen garapen integrala sustatzen duten bizikidetza-balio batzuekin eta hiru helburu nagusi dituzte ikasketak.
Alde batetik, haurrak eta nerabeak babesteari buruzko lege-esparrua aztertzea eta kirol-esparruari lotzea. Beste alde batetik, eskubide eta aukera berdintasuna bermatuko duten prestakuntza-prozesuak diseinatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko gai diren entrenatzaileak prestatzea, balioei, ekitateari eta dimentsio emozionalari arreta berezia eskainiz. Azkenik, Kirola gizarte-trebetasunak eta trebetasun kritikoak garatzeko eta herritarrei zerbitzua emateko tresna gisa identifikatzea.
Gainera ikasketak esperientzia zuzenaren bidez ulertzeko aukera dute ikasleek, Athletic Club Fundazioaren eta EHU-ren zuzendaritzapean egingo dituzten praktikekin. Prestakuntza-programak unibertsitateak antolatzen badu ere, Bilbao Kirolak bestelako ekintzak garatuko ditu. Bost beka finantzatuko ditu; udako ikastaro bat diseinatu eta egikarituko du; eta zenbait ikusgarritasun-ekintza garatuko ditu graduondoaren gaiari buruz ikasturtean zehar.
Kirolaren balioak
Hitzarmenaren aurkezpenean Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziak, kirolak hezkuntzan duen garrantzia azpimarratu du: "Kirolak pertsona guztien ongizatea areagotzeko politika gisa duen ahalmena aprobetxatu behar dugu”.
Bestalde Asier Romero, hezkuntza fakultateko dekanoak, erakundeen inplikazioaren garrantzia nabarmendu du. “Erakunde publikoen lankidetza eta honelako titulazioetan inplikatzea funtsezkoa da. Batik bat hain elementu garrantzitsuak lantzen direnean, hala nola haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka babestea kirolaren eta hezkuntzaren testuinguruan”.