Osasun-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde

uriola.eus 2022ko api. 4a, 11:00

Larunbateko manifestazioa (Argazkia: Bilboko Auzo ELkarteen Federazioa)

Osasun publikoa defendatu eta pandemiaren egoeraz baliatuz egiten ari diren murrizketak salatu zituzten Bilboko kaleetan zehar hainbat kolektibo, gizarte mugimendu eta sindikatuk.

Urte hasieran auzoetako osasun zentroen aurrean aldarrikapenak egin ostean kalera atera dira apirilaren 2an osasungintza publikoa defendatzen jarraitzeko. Auzoetako osasun zentroetan zerbitzuak desagertzen diren bitartean, osasun-aseguru pribatuen kontsultak eta klinikak ugaritzen ari direla gero eta nabarmenagoa dela salatu du Bilboko auzo elkarteen federazioak. "Ez gaude prest osasungintza publikoaren degradazioa onartzera osasungintza pribatuaren mesedeen alde", nabarmendu dute.

Pribatuaren aldeko apustu hauek biztanleriaren arteko desberdintasunak areagotzen dituela eta pertsona ahulenak arriskuan jartzen dituela azaldu dute: "Osasuna eskubide bat da eta ez negozio bat". Murrizketa hauen aurrean, argi utzi dute "osasungintza publikoaren duintasuna" defendatzen jarraituko dutela. 

Larunbatean, Jesusen Bihotzetik hasita, "aurrez aurreko arretaren, itxaron-zerrendak mugatzearen, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako etengabeko arretaren eta diagnostiko goiztiar eta egokiaren aldeko apustua egingo duen sistema" eskatu zuten. Osasuna bere osotasunean lantzen duen sistema baten alde egin zuten eta osasun fisiko eta mentala landu beharra dagoela ere gogoratu zuten.