Uger taldea “bost buru dituen izaki bat da”. Horrela definitzen dute taldea Urik (bateria), Hazak (baxua), Fikerrek (gitarra), Borjak (gitarra) eta Gagok (ahotsa eta teklatua). Nork bere erara hautematen du errealitatea eta, beraz, ziklo bat ixtean, buruan dituzten “milaka gauza” biderkatzen dira Ugerren baitan.
2019an hasi zen boskotea abestiak konposatzen eta 2020an grabatu zituen El Submarino Recordsen. Diskoa, `Lehengo lepotik burua´ izenekoa, taldearen hirugarrena da, 2022an argitaratua, otsailean, DDT Banaketak eta Sua Industryren babespean. Atzerapenak badu azalpena. 2021ean, disko-fabrikak lanez lepo zeuden musika taldeen eskariei erantzun ezinik pandemiak eragindako hornidura faltagatik. Hori dela eta, luzapena.
“Diskoa esku artean izateko gogo handia genuen”, diote taldekideek, baina batez ere “ziklo bat ixteko gogoa”. Izan ere, azken hiru urteotan bizi-esperientzia asko izan dituzte: “Nork bere gogoetarekin eta ikaskuntzarekin, bai banaka, bai taldean, eta azkenean gauzatu izana bururako check-point bat izan da, aurrera egiten eta taldean gozatzen jarraitzeko aukera ematen diguna, atzera gehiegi begiratu gabe. Ustekabeko energia txute bat”.
Aurreko bi diskoekin alderatuta, oraingo hau “modu profesionalagoan” grabatu dute Iñigo Escauriaza eta Borja Arbaizaren gidaritzapean. Arbaiza bera arduratu delarik nahasketak egiteaz. Sormen prozesuari dagokionez, aldaketak “etengabeak” dira Ugerren. Gauza berriak probatzea eta ahal den neurrian aldatzen jarraitzea gustatzen baitzaie. Horren adibide dira abestietan izan dituzten kolaborazioak (Julen Egia eta Miren Narbaiza koroetan eta Joseba B. Lenoir gitarrarekin) eta musika tresna berriak (Roberto Castro Boti zerra, didjeridu, flautapiño eta bibolinarekin).
Zortzi minutuko abestia
Bederatzi punk-rock abestiren artean arreta deitzen du diskoari izena ematen dion abestiak, Lehengo lepotik burua. Zortzi minutu pasatxoko iraupena du, eta ez, taldekideek ez dute arazorik “luzea” dela aitortzeko. “Agian ez zuzenean, baina gaur egun edonork zortzi minutu eskaintzea beste norbaitek egindakoari zeharkako kutsu politikoa duen jokaeratzat har dezakegu”, diote.
Identitate-dolua du mintzagai abestiak, galera zehatz batetik hasita. Identitatearen galera horretan “norbanakotik kolektiborako bidea” jorratzen dute, “penaz beterik batzutan eta armak jasotzeko prest bestetan. Baina gorabehera horri eutsiz, lehengo lepotik baitaukagu burua”.
Miren Narbaiza eta Joseba B. Lenoir izan dituzte lagun. Ideia proposatu bezain laster animatu ziren parte hartzera, “ezagutzen ez zuten kanta batekin jolastera”. Biak hurbildu ziren Markaidara grabaketara, “aurreko egunean kontzertua izanda ere”. Kanta hortxe dago nahi duenarentzat. “Guk sekulako gozatua hartu genuen”, gogoan dute, eta “partekatu genuen arratsalde hartatik ateratako emaitza da”.
Esker onekoak eta zorrotzak
Esker onekoak izaki, ondoan izan dituztenak gogoan dituzte Ugerreko lagunek. Bereziki “gure ama eta amamak” eta, nola ez, “gure eszena lokal oparoa”. Batik bat, Deustuko Gazte Lokala dute erreferentzia gisa. Horrelako leku autogestionatu bat etxetik gertu izatea “oso aberasgarria izan da eta bada” eurentzat.
Era berean, “oso zorrotzak” dira lan propioekin. “Beharbada astunak ere bai alboan egonez gero”, aitortzen dutenez. Oso zaila baita lan batekin pozik geratzea. “Beti dago zeozer. Bostetik bat gutxienez zerbaitekin ez da gustura geratuko”. Baina zeozer horren faltak, aldi berean, erregai moduan funtzionatzen du “aurrera begirako kantak eta proiektuak egiteko, beti hobetzeko premiarekin”. Eta hori taldea “fresko eta iraunkor” mantentzeko oso garrantzitsua da.
Gauza pilo bat
Proiektu asko ditu Uger taldeak buruan. Besteak beste, zazpi kanta berriren grabaketa hasi berri du. “Nahiz eta oraindik ez dakigun zer egingo dugun kanta horiekin”, taldekideen hitzetan. Eurak ari dira “autonomoki osorik grabatzen”, pandemia garaian ikasitako Soinu Teoriarekin eta erositako mikrofonoekin. Aurreko batean, bateriak grabatzeko, lokaleko tresnak hartu eta baserri bateko kortan sartu ziren “kobazulo soinu” bila. Horrelakoetan “oso frikiak” direla aitortzeko ere ez dute arazorik.
Zuzenekoetan hirugarren diskoko abestiak nagusituko diren arren, setlist-a sarri aldatuko dute, gustuko duten moduan.
Baina bada gehiago. Interneten ohiko egin diren Tiny Desk live session bat grabatzea eta abestien bertsioak egitea ere pentsatu dute. Bistakoa denez, “gauza pilo bat” dute buruan.
Bi urteren ostean, “dena egitera ausartu gara”, diote. “Ea zer irteten den”.
uger.bandcamp.com