Prentsaurrekoa deitu dute gaur presoen senideek hauen egoeraren berri emateko. Xochitl Karasatorre Etxerateko bozeramaileak hitza hartu du presoek jasaten duten eskubideen urraketaren aurrean "nazkatuta" daudela salatzeko. Karasatorreren esanetan preso politikoek onurak lortu dutela eta salbuespen-neurriak ez zaizkiela aplikatzen esaten dutenek gezurretan ari dira: "Presoei modu interesatuan eta mendekuz ukatzen zaizkien eskubideaz ari gara".
Adierazpen hauei zentzua emateko presoen egoeraren inguruko datu batzuk aurkeztu dituzte. Urtebete baino gutxiagoan, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak eta Auzitegi Nazionaleko 1. sekzioak 34 presoei dagozkien 71 irteera-baimen ukatu dituzte. Bozeramaileak azaldu duenaren arabera lege arrunta aplikatuko balute, 190 presoetatik, 168 preso baimenekin kalera ateratzen egon beharko lirateke. Horretaz gain, lege arruntaren arabera 132 presok 3. graduan egon beharko lirateke, zigorraren erdia bete ostean eta 51 presok baldintzapeko askatasuna izan beharko lukete, zigorraren hiru laurdenak bete dituztelako.
Iñaki Zugadi abokatuak azaldu duenez, baimena lortzeko biktimei barkamena eskatzea beharrezkoa dela dio fiskaltzak. Baina 72.6 artikuluaren arabera, ekintza hori hirugarren gradua lortzeko da eta baimenen kasuan ez da aplikatzen. Beraz ez dago arrazoirik baimena ukatzeko Zugadiren ustez. "Ia bost urte igaro dira gure senide presoek oztopo-lasterketa bihurtu den ibilbide juridikoari ekin ziotenetik" azaldu du Karasatorrek. Urte horietan bizikidetzarako konpromisoa hartu duen arren urratsak beti alde berdinera doazela salatu du.
Arazo eta oztopo hauen aurrean gogaituta agertu dira presoen senideak: "Ezin dugu denbora gehiago itxaron, legeri arrunta aplikatzeko oztopoak eta trabak egunero saihestuz, ezin dugu sufrimenduaren luzapenaren biktima izaten jarraitu, eta ezin da euskal gizartea elkarbizitza eraikitzeko etengabeko atzerapenera kondenatu". Presoak etxean eta bizirik nahi dituztela adierazi dute.
Baimenen etengabeko ukapena
Boni Badillo, Joseba Borde Ugaoko presoaren koinatua bere testigantza azaldu nahi izan du. Bere senidea, Basauriko kartzelan dago Andaluziatik Galiziara bitarteko hainbat espetxetik igaro ostean. 20 urte darama kartzelan eta 2019an, zigorraren hiru laurden be zituen. Horren harira tratamendu-batzordeak lau aldiz onartu ditu Josebaren irteera-baimen arruntak, baina Espetxe Zaintzako epaileak ukatu ditu baimenak.
"Josebari kalean egoteko duen eskubidea urratzen ari zaizkio eta, bere familia, bere gertukoak, Josebaren urrunaldiarekin zigortzen gaituzte", onartu du Boni Badillok. Xochitl Karasatorreren hitzak jarraituz Josebarentzat eta besteentzat onurak aplikatzen ari direla gezurra dela esan du Badillok.