Datozen hogei urteetako hirigintza-bilakaera zehaztuko duen HAPO berria onartu da

uriola.eus 2022ko api. 5a, 14:02

Ostegunean udalaren osoko bilkurak Bilboren bilakaera urbanistikoa definituko duen hiri antolamenduko plan orokor berriari onespena eman zion. 1995tik indarrean dagoena ordezkatuko du eta hamar puntuko plana izango da. 15.300 etxebizitza inguru egiteko asmoa jasotzen du.

Duela hamarkada bat hasi zen tramitazio luze baten ostean, Bilbok badauka datorren hogei urteetarako urbanizazio plana. Aurreko HAPO-a 1995etik dago indarrean eta 2006an erabaki zen hura aldatu behar zela. Dokumentua gobernu taldeko EAJ-PSE alderdien baiezko botoarekin atera da aurrera. EH Bilduk et PPk abstentzioa aurkeztu zuten eta Elkarrekin Podemos IU-k berriz ezezkoa eman zuen aurretik iragarri bezala.

Udalak azaldu eta aurkeztu duenaren arabera hiri antolamenduko plan orokor berria, hirigintza-xedeak jasangarritasuna eta klima-aldaketaren kontrako borroka bezalako helburuak bateratu eta integratzearen eta herritarren zenbait eskariri erantzutearen emaitza da. Hiriaren etorkizuna zehazteko 10 puntu ezberdin landu dituzte arlo ezberdinei dagokionez: hiri-antolamendua, hiri-inguruneen berroneratze eta berritzea, etxebizitza (bere egoera desberdinetan), ekonomia-jarduerak, natura-ingurumena, ekipamenduak, espazio libreak, mugikortasuna eta garraioa, zerbitzuak eta abar.

2.375 hektarea inguruko azalera lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu da plan berrian eta horretan 15.314 etxebizitza egiteko asmoa dago. Hala ere, ez da planteatzen biztanle kopuruaren hazkundea. Hiriko biztanleria 345.000-350.000 biztanle inguruan finkatzeko helburutik abiatzen da. Beste aspektu batzuei begira, garraioak garrantzia handia hartzen du: AHTa Abandora iristea, hegoaldeko trenbide-saihesbidea, ekialdeko saihesbidea ixtea (Miraflorestik Ibarsusira), Errekaldeko saihesbidea kentzea, Zorrotzan Feve lurperatzea eta Olabeagan Renfe trenbide-pasaguneak kentzea.

Herritarren parte hartzea zalantzan

Yolanda Díez PSE-ko bozeramaileak akordioa "parte-hartzearen eta gardentasunaren emaitza" izan dela azpimarratu duen arren Bilboko Auzo elkarteen federazioak ez du iritzi bera azaleratu: "Kezkagarria iruditzen zaigu parte-hartze prozesuan zehar hiritarron proposamenak ez direla kontuan hartu edo partzialki kontuan hartu direla". Azken urteetan haien proposamen asko deuseztatu dituztela kritikatu duten arren beste batzuk onartu dituztela aipatu dute eta "elkarlanean jarraitzeko eta proposamenak egiten jarraitzeko asmoa" berretsi dute. 

HAPO-a proiektu "kontinuista" bezala definitu dute eta "pairatutako osasun krisiak eta horren ondoriozko zainketa krisi eta krisi ekonomikoak gizartearentzat suposatzen dituzten erronkak" kontuan hartu ez dituztela kritikatu dute. "Hiri-plangintza parte hartzaile bat izango duen hiri eredua aldarrikatzen dugu, zainketak erdigunean jartzen dituena, urbanismoa, gizarte kohesiorako tresna moduan eta ingurumen jasangarritasun eredu moduan ulertuz", aipatu du Auzo elkarteen federazioak eta norabide horretan lanean jarraituko dutela azpimarratu dute. 

EH Bildu

Talde subiranistak ez dio baiezkoa eman planari haien ustez “ez dituelako jasotzen Bilboko etorkizunari buruz ditugun asmo eta ikuspegi guztiak”. Auzo elkarteen federazioaren ildo beretik jo du eta herritarren alegazio gehienak bidezkoak ziren arren, atzera bota zirela kritikatu du alderdiak. EH Bilduren ustez etxebizitzak "neurriz kanpo eraikitzearen aldeko apustua" egin da eta "ekipamenduak handitzeko aukera galdu da". 

Hala ere, alderdia "erantzukizunez jokatzea" erabaki du eta negoziatzeko borondatea erakutsi du, HAPO-a "haien proposamen zehatzekin hobetzeko". Horren harira gobernuko bi alderdiekin akordio batera heldu da, hamar poriektu osatzeko plan hau irauten duen bitartean. San Frantzisko auzoko emakumeen etxearen gauzatzea, Artxandako gerriko berdea handitzea, musika-eskola berri bat eraikitzea eta Deustuko suhiltzaileen parkea birkokatzea, besteak beste.

Elkarrekin Podemos-IU

Ezezkoa eman duen alderdi bakarra izan da. Ana Viñals bozeramailearen arabera ezin dute babestu "berandu eta gaizki" datorren plan bat: "Ezin dugu Bilboren eta bertako jendearen etorkizuna hipotekatu datozen hamarkadetarako".

Etxebizitzan jarri du foku nagusia alderdiak eta Viñalsen ustez "plan honek pertsona guztiek etxebizitza eta oinarrizko zerbitzu egoki, seguru eta eskuragarriak izatea bermatzen ez du eta ez du oreka soziala bermatzen, ezta auzoen benetako beharrei erantzuten ere". Auzoz auzo justizia soziala duen hiri ehundua defendatu du Elkarrekin Podemos IUk.

Kritiketatik urrun

Alderdiek eta elkarteek HAPO berria kritikatu duten arren Juan Mari Aburto alkatea pozik agertu da plan berri honen harira: "Akordio honek dakarren erantzukizunetik eta jasotako ondarearen eta utzi nahi dugun ondarearen konpromisotik diseinatu da".

Beste iritzi kritikoagoa batzuetatik aldendurik Yolanda Díez PSE-ko bozeramailearen ustez, "plana etorkizunerako tresna nagusia izan nahi du, hurrengo urteetako Bilbo proiektatu behar duena, eta, gainera, inor atzean ez geratzeko pentsatuta dagoena, ez arlo ekonomikoan, ez sozialean".