“Bilbon ere euskararen alde!”

uriola.eus 2022ko api. 7a, 19:23

Lau ordu baino gehiagoz hiriko auzoetan barna ibili zen euskal hizkuntzaren aldeko ekimenik jendetsuenaren 22. edizioa. Jende askok eta askok egin zuen lekukoaren atzean lasterka, eta euskararen aldeko jarrera hitzetatik ekintzetara eramateko konpromisoari heldu zioten, horixe baita Hitzekin leloak helarazi nahi duen mezua.  

Pandemia tarteko, ohi baino itxaronaldi luzeagoa egin behar izan dute Bilboko euskaltzaleek 22. Korrikari ongietorria eman ahal izateko, eta atzo iluntzean argi ikusi zen metatutako gogo horrek guztiak nola egin zuen eztanda. Txorierritik igaro ostean, Erandio atzean utzi eta Elorrietatik iritsi zen lasterkariak gidatzen dituen furgoneta. Ordurako jende mordoa zeukan zain, eta lekukoaren eramaleak ondo lagunduta egon ziren hirian zehar egindako kilometro guztietan.

Ohi bezala erdigunean batu zitzaion jende gehien lasterketari, Zazpi Kaleetan zein Kale Nagusiaren inguruan, esaterako. Dena den, itsasadarretik aldendu eta Otxarkoaga, Santutxu edo Zorrotza bezalako auzoetara iritsi zenean ere sekulako babesa izan zuen. Zorrotza izan zen, hain zuzen ere, Korrika agurtu zuen auzoa, gauerdia baino lehenxeago handik atera baitzen lekukoa Barakaldo aldera.

Gaur, apirilak 7, Bizkaian zehar ibiliko da lasterketa, eta eguna amaitzear denean, Ondarroak Mutrikuri lekukoa pasatzearekin batera Gipuzkoara egingo du jauzi. Hilaren 10ean amaituko da Korrika Donostian, eguerdi partean, eta orduan jakin ahal izango da zein den hamar egunez eskurik esku ibili den lekukoaren barruan doan mezuaren edukia. Edizio guztietan bezala, ekitaldi berezia egingo dute bertan, eta Korrika Batzordeek bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei.