Lan prekarietatearen kontrako konpromisoa

uriola.eus 2022ko api. 7a, 12:53

Atzo La Casillan egindako ekitaldia (Argazkia: ELA)

ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko 541.000 langile prekarioen egoera salatu du, publifikazioaren alde eta soldatak KPIaren arabera igotzearen alde egin du La Casillan.

Lan prekaritatearen aurrean planto egin dute 3.000 lagun inguruk. Errenta akordio batera heltzeko aukeraren ohiartzuna handitzen ari da eta horren aurrean sindikatuak bere errefusa erakutsi du: "ELAk ez du bat egingo langileak are gehiago pobretuko dituen errenta akordioekin".  Langileen lekukotzak eta sindikatuko ordezkarien hitzak nagusitu dira. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak prekaritatea "normalizatu ezin den" egoera bat da. Langileen osasuna arriskuan jartzen duen faktorea dela azpimarratu du: "Prekaritatearen kontra borrokatzea langileen osasuna, eta beraz, gizartearena berarena hobetzea baita”.

Guztion ahotan dagoen egoera ekonomikoa eta inflazioa ere hizpide izan du idazkariak. Ukrainako gerraren aurretik datorren arazoa dela azaldu du eta jendeari "lapurtzen" ari direla salatu du "energia enpresek 6.500 milioi euroko irabaziak izan baitituzte.

Instituzioen eraginkortasun eza kritikatu du Lakuntzak eta hauek jarritako neurriak "nahikoak" ez direla azaldu du: “Sistema energetikoa aldatzen ez den bitartean, elektrizitatea eta erregaien prezioak mugatzen ez diren bitartean, kontrol publikoa ez dagoen bitartean lapurretak jarraituko du”.

Arazo hauen aurrean eta prekarizazioari aurre egiteko soldaten igoera defendatzen jarraituko duela plazaratu du sindikatuak. 1.381 euroko soldata eta KPIaren araberako igoerak, hain zuzen ere. Horrez gain beste hainbat eskaera egin dituzte: Langile publikoen kontsolidazioa, ikuskarien kopurua bikoiztea, azpikontratatutako langileentzat subrogazioa, zein energia enpresen publifikazioa eskatu ditu, besteak beste.

Amaitzeko omenaldi eta manifestazioak

Mikel Lakuntza ez da izan ekitaldiko ahots bakarra. Berarekin batera sindikatuko beste hainbat arduradun parte hartu dute eta Novaltiako langileek ere hartu dute hitza. Izan ere, apirilean 1.000 eguneko greba beteko dute; Europako grebarik luzeena. Erresidentzietako langileek ere omenaldi handia jaso zuten eta azkenik Confebaskeko egoitzaraino manifestazioa egin zuten, Lan prekario gehiagorik ez! lelopean.