'Soul Biscuit': Amooma taldearen lehen EP-a

uriola.eus 2022ko api. 8a, 12:08
Deustuko jaietako kontzertua (Argazkia: Amooma-Iker Garcia Millán)

Welcome to Bilbo singlearen ostean bere bidearekin jarraituko du talde bilbotarrak. Funk, rap eta soul soinuak nahasi dituzte eraiki nahi duten unibertsoa osatzen duen sei kantetako diskoan.

Bere lehen lanarekin ausartu da Amooma taldea. 2018an sortu zen funk, rap, soul eta orokorrean musika beltzaren azpigeneroak nahasten dituen taldeak sei abesti ekoitzi ditu ETEN Espazio Sonoron Urtzi Izaren eskutik. Soul Biscuit da EP-aren izena eta izen bereko abestiak, Maldan Behera, Urte Mugatuak, Solo de Ida, Ur Urdina eta Tantas Personas lanak osatzen dute.

Martxoaren 18an argitaratu zuten eta hura aurkezteko Deustuko jaietan kontzertua eman zuten. Gainera abestien bideoklipak ateratzen ari dira apurka-apurka eta gaur bertan Maldan Behera abestiaren bideoklipa estreinatu dute.

                                               

Jatorri musikal ezberdineko zazpi lagunek osatzen dute eta aniztasuna da taldearen armarri nagusia. Aitor Ramallo, baxua; Imanol Urgoiti, bateria; Jorge Varela, gitarra; Sergio Garcia, teklatua; Ruben Martinez, saxofoia; Irune Elgezabal, abeslaria, eta Peru del Hoyo, raperoa. Irune abeslari nagusia izateari utzi zion martxoan, baina taldearen parte izaten jarraitu eta Manza gehitu du plantillara.

Haien abestiak osatzen dituzten soinu nahasmenak eta erritmo eta doinuen "txukuntasuna", dantzarako "gonbidapen ukaezina" bilakatzen da. Gainera lan bakoitzak daukan mezua, entzuleen hausnarketa bilatzen du, gazteen autogestioaren defentsarako Welcome to Bilbo abesti aldarrikatzailean ikusi daitekeen moduan. Belaunaldien arteko hedabide bat sortzeko aukera ikusten du talde bilbotarrak eta horregatik ohiko festa ereduari goitik beherako astindua eman nahi diote.