Bakearen Etxean (Fika kalean) irekiko dute herritarrei eragozpen fiskala egiten laguntzeko bulegoa, azken urteetan bezala. Hilabete honetan bertan hasiko dira hitzorduak ematen.
2020ko errenta aitorpenari zegokion eragozpen fiskaleko azken kanpainan, Euskal Autonomia Erkidegoan 17.899 euro desbideratu ziren proiektu sozialetara, eta Nafarroan 1.209. Hain zuzen, estatu osoko eragozle guztien erdiak baino gehiago (%52,16) Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoak izan ziren, eta eragozpen horietatik gehien-gehienak Bilbon kudeatu ziren. Aurten ere eragozpen fiskala egiten laguntzeko bulegoak jarriko dituzte martxan lurralde horietako hiriburuetan.
Zertan datza eragozpen fiskala?
Eragozpen fiskalaren kanpaina da errenta aitorpenaren bitartez gastu militarrera joan behar zen diru hori desbideratzea helburu soziala duen beste ekimen baterako. Izan daiteke talde eragile bat, gobernuz kanpoko erakunde bat, sindikatu bat… bakoitzak aukeratzen duena. Diru publiko hori desmilitarizatzea izango litzateke helburua.
Estatu osoko eragozle guztien erdiak baino gehiago (%52,16) Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoak izan ziren
Zeintzuk dira aurten jendeak kontuan izan beharreko datak?
Apirilean hasi dira aldunditik zergadunei gutunak bidaltzen. Bada, egin beharreko lehenengo gauza da gutun horiek jasotako errenta-aitorpen proposamenari ezezkoa ematea. Alokairuan bizi garenok, adibidez, beti ezezkoa eman behar izaten diogu gero alokairu hori sartu ahal izateko. Bada, prozesu berdina izango litzateke.
Apirilaren 19an hasiko gara hitzorduak hartzen. Iaztik, online egiten da prozesu guztia, eta horrek gauzak erraztu dizkigu, baina, aldi berean, gauzak eginda ekarri behar izatea dakar, denbora aurrezteko. Beraz, hitzordua hartzean azalduko diegu norbanakoei zer ekarri behar duten. Lehenengo data, beraz, horixe da. Eta bulegoa martxan jarriko dugun lehenengo asteburua izango da maiatzaren 13-14koa, barikuan eta zapatuan. Barikuetan 17:00etatik 20:00etara arte egongo da zabalik, eta zapatuetan, aldiz, 10:00etatik 14:00etara arte. Ziurrenik egingo dugu asteburu batzuetan barikuan eta zapatuan ireki, eta beste batzuetan eguenean eta barikuan. Ekainaren 24ra arte ibiliko gara horretan.
Horrez gain, iaz jende berri asko etorri zen, eta galdetu ziguten ea eragozpen fiskala etxetik zelan egin ikasteko tailerrik egiten genuen. Beraz, halako bat antolatu dugu maiatzaren 7rako.
Diru hori norberak aukeratutako elkarteetara bideratu daiteke. Zuek baduzue loturarik elkarte zehatz batzuekin?
Eragozpen fiskaleko plataforma 22 taldez osatuta dago. Webgunean horien guztien deskribapenak ditugu jasota, baina edozein talderi emateko aukera librea da. Egin nahi duenak eta talderen bat ezagutzen ez duenak, zerrenda horretara jo dezake. Honako hauek dira: Argitan, Armiarma, BATU Elkarlaguntza Sarea, CNT Bilbao, Ekologistak Martxan, Elkarlaguntza Sarea Galdakao, ESK, Finantzaz Haratago, Irola Irratia, ISF Euskadi, Kakitzat, KEM-MOC Bilbao, Lumaltik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Setem Hego Haizea, REAS, Medicus Mundi Araba, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Posada de los Abrazos, Zehar-Errefuxiatuekin, WDR (Women Defence Royaba), AZET.
Kanpaina honek badu pisu sinbolikoa ere.
Bai. Lehenengo kanpaina, Euskal Herrian nahiz estatu mailan, 80ko hamarkadaren hasieran jarri zen martxan, eta helburua zen diru publikoa desmilitarizatzea. Eta bazen, bestalde, jendartea antolatzeko modu bat. Azken finean, eragozpen fiskalak modu kolektiboan sortzen du bere efektua, eta ekintza ez-biolentoa da. Beraz, desobedientzia zibilerako ekintza bat den heinean, daukagun lehenengo premisa da zilegitasuna jartzen dela alderdi legalaren aurretik.
Horrez gain, salatu nahi da gerrak munduan zehar pertsonak erailtzen dituztela, migrazioak eragiteko lehenengo arrazoia gerra dela, jasangarritasunari eta naturari dagokienez armadaren existentzia natura suntsitzeko lehenengo arrazoietako bat ere bai… eta, horrez gain, gastu militarra gobernuko partidetan defentsa bezala jasota dagoela. Gure iritziz, gizarte defentsa da, adibidez, osasun publiko segurua, ona eta kalitatezkoa izatea, baita herriaren antolakuntza bera ere. Hor sar daitezke etxegabetzeak ekiditeko plataformak eta abar luze bat.
Gizarte defentsa da, adibidez, osasun publiko segurua, ona eta kalitatezkoa izatea, baita herriaren antolakuntza bera ere
Hain zuzen, mugimendu antimilitaristatik salatu izan da zer nolako gastua bideratzen den armadara.
Hori da. Hain zuzen, iazko aurrekontuan, espainiar estatuak 43 mila milioi euro inguru bideratu zituen gastu militarrera. Eta osasungintzara edo hezkuntzara bideratzen dena horren laurden bat ere ez da.
Zer nolako ondorioak izan ditzake norbanakoentzat eragozpen fiskala egiteak?
Orientazio gisa, proposatzen dugu pertsona bakoitzak 84 euro desbideratzea. Horrela eginda, legalki ez dago isunik. Dena den, eragozpen fiskala egin ostean aldundira gutun bat bidaltzen dugu, esanez zenbateko hori desbideratu dugula, ez baitugu diru publikoa gastu militarrera bideratu nahi. Beraz, hori ikusten badute eta egiaztatzen badute diru hori benetan ez zaiola ordaindu aldundiari, norberak desbideratu duen zenbateko hori gehi desbideratutakoren %5 ordaindu behar izaten da.
84 euroko zenbateko hori zeren araberakoa da?
Kalkuluen arabera, herritar bakoitzak zergen bitartez batez beste 900 euro bideratzen ditu gastu militarrera. Egia da badagoela jendea 6000 euro ordaindu behar dituena eta beste batzuoi itzultzeko emaitza ateratzen zaigula errenta aitorpenean. Baina 43 mila milioi euro horiek zatituz gero espainiar estatuan dauden biztanle guztien artean, eta gero formula bat aplikatuz, ateratzen dira 84 euro. Noizbait egon izan da 700 euro eman dituenik, eta agian beste batek 20 euro emango ditu, baina beno, bakoitzaren araberakoa da hori.
Gerra hemen hasten da kanpainaren bidez armagintzaren finantzaketa salatzen duzue, besteak beste urtero Bilbon egin ohi den BBVA bankuaren akziodunen batzarrean. Zein rol jokatzen du espainiar estatuak gerretan?
Nagusiki, ekonomikoa. Munduan zazpigarrena da armak esportatzen. Beraz, ekonomikoki pisu handia dauka zergen bitartez, eta enpresa asko daude Espainian eta Euskal Herrian armak fabrikatzen eta saltzen. Horrez gain, bankak pisu handia dauka. Azken finean, BBVA bezalako erakundeak izaten dira gerran dauden beste estatu horiek finantzatzen dituztenak armak eskuratzeko. Hor daude BBVA, La Caixa, Sabadell, Santander… Hala ere, gogorarazi behar da horren aurrean badaudela Triodos edota Fiare bezalako alternatibak, gutxienez etika hori daukatenak eta ez dutenak armamentua finantzatzen.
Espainiar estatuta munduan zazpigarrena da armak esportatzen
Bilbon iaz 139 pertsonak egin zuten eragozpen fiskala. Gero eta jende animatzen da?
Normalean urtez urte zifra igotzen da. Egia da koronabirusa iritsi zen urtean dezente jeitsi zela, eta iazko berrikuntza izan zen presentzialetik telematikorako aldaketa. Ikusi genuen eragozpen fiskala egitea askoz ere errazagoa dela modu telematikoan, eta askoz ere azkarrago egin daitekeela. Beraz, aurreikusten dugu, aurreko urteetan bezala, aurten igo egingo dela kopurua.
Besterik aipatuko zenuke?
Aipatuko nuke hitzordua telefonoz har daitekeela, 609 469 599 deituta. Bestela, gure webgunearen bitartez ere egin daiteke, eta bertan informazio gehiago eskuratzeko edo taldeak zeintzuk diren jakiteko aukera ere badago: eragozpenfiskala.org. Horrez gain, aipatu behar da doako zerbitzua dela, helburua baita gerretan xahutzen den dirua Estatuari emateari uko egitea alternatiba eraldatzaile eta solidarioak babesteko. Asmoa ez da zergak ordaintzeari uztea edo zerga gutxiago ordaintzea, baizik eta diru horri helburu etiko bat bilatzea.