Kontseilu Sozialistak egitaraua antolatu du Maiatzaren Lehenerako

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek agerraldi eta adierazpen bateratu baten bidez aurkeztu zituzten Maiatzaren Lehenean egingo dituzten mobilizazioak, tartean Bilbon mobilizatuko direla argitaratuz. Bilboko manifestazioa arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Eliptika Plazatik. Horretaz gain, Bilboko Kontseilu Sozialistak egitarau propia antolatu du Maiatzaren Lehenerako.

Kontseilu Sozialisten adierazpena

Kontseilu Sozialistek argitaratu duten adierazpen bateratuan, XX. mendeko esperientzia sozialistetan, eta haien bidez, lorturiko hobekuntzen garrantzia azpimarratu dute; izan ere, adierazi duten bezala “sozialismoak botere handia eskuratu zuen eta horrek efektu positiboa izan zuen langileriarengan; herrialde sozialistetan oparotasun ekonomikoa, kalitatezko hezkuntza, abortatzeko eskubidea, lan baldintza duinak edota bazterretako subjektuentzako eskubideak existitu izan ziren denbora luzez”.

Horretaz gain, azaldu dute gaur egungo egoera krisialdi kapitalistak ezaugarritzen duela eta Kontseilu Sozialisten asmoa egoera honen aurrean, “sozialismoaren eraikuntza ekonomikoari eta langileriaren momentuko premiak uztartzeko” bidean ekarpena egitea eta “langile klasearen babeserako zein askatasunerako erreminta praktiko zein estrategikoetan sakontzea” dela.

Bilboko Kontseilu Sozialistaren egitaraua

Aipatu bezala, Bilboko Kontseilu Sozialistak egitarau propioa izango du Maitzaren Lehenera begira. Lehen ekimena ostegun honetan, apirilak 14, izango da, aurkeztu berri duten Zentro Sozialistaren (Gordoniz 66, atzealdean) inaugurazioa, hain zuzen. Bertan, Zentro Sozialistaren aurkezpen hitzaldia, bazkari bat eta bazkalosterako bi akustiko izango dituzte, kontzertuak Auzi eta Akëer taldeen eskutik.

Bigarren ekimena, apirilaren 29an izango da, arratsaldeko 18:30etan, La Bolsa eraikinean egingo duten hitzaldia, alegia. Bertan, Kontseilu Sozialisten adierazpen bateratuan aipaturiko zenbait ideietan sakonduko da, hitzaldiaren izenburuak aditzera ematen duen bezala, hori “XX. mendeko esperientzia sozialisten irakaspenak eta komunismoaren gaurkotasuna” izanik. Hitzaldiaren ostean, La Villa tabernan Soinu Beltzak-en saioa antolatu dute.

Bukatzeko, Maiatzaren Lehenerako manifestazioa antolatu dute Eliptika Plazatik, arratsaldeko 18:00etarako, “Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen” lelopean.