Martxoaren 26an Durangon sortu zen Bizkaia hari gorria ekimena eta gaur aurkeztu dute Bilbon; ekainaren 18an ekimen nagusia egingo duten hirian, hain zuzen ere. Faxismoa Bizkaian sartu zenetik 85 urte betetzen direnean sortu dira, aitortzarik barik joan ziren haiengatik "puntada berri bat emateko".
Iragana gogoratuz sortu dira, baina etorkizunera begira joango dira aurrera, nondik datozen badakitelako: "Gure Herria askatasunera eraman nahi dugun Bizkaiko eskualdeetako begietatik abiatu da dinamika". Hura lortzeko "hainbat borroken lurraldea" izateak "itxaropentsu" egiten dituela aipatu dute.
Dinamika irekia eta parte-hartzailea da, eta dituen printzipioekin bat egiten duen edonork lekua izan dezake. Martxoan sortu eta hurrengo hilabeteetan hasteko asmoa dute. Horretarako, ekainaren 18rako deialdi nagusia prestatu dute. Bilbon izango da hitzordua, eta ez da soilik manifestazioa izango; aldarrikapena eta alaitasuna batuko dituen lanketaren isla izango da, azaldu dutenez.
Ekainaren 19an Bilboko erorketaren efemeridea izango da, eta urte berean Otxandio, Durango, Gernika eta Bizkaiko beste hainbat herrik bonbardaketak jasan zituzten. Orduz geroztik, "gaur arte etenik izan ez duen" hari borrokalari bat egon da eta etenik gabeko hari horrek nora eramango dituen marrazten jarriko dira.
Iraganeko borrokak eta borrokalariak
37an galdu arren, herria "berriz jaikitzeko kapaz" izan dela azpimarratu dute, Bizkaia borroka subjektu izan delako, kokaleku soila baino. "Ezinezkoa zaigu gure herriaren atzoko, gaurko eta biharko jarduna ulertzea, etorkinen meatzeko izerdirik gabe. Ezkerraldeko Labe Garaien borrokarik gabe, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako edo Erandioko kutsaduraren kontrako protesta barik, Basauriko 11 emakumeak, Bandas, Euskalduna, sare pelagikoen aurkako borroka portuetan...".
Dolores Ibarruri, Jose Antonio Agirre eta beste hainbaten borroka izan dute hizpide. "Nolako Bizkaia izango genuke egun hauen edo ezezagunak diren ehundaka bizkaitarren borrokari esker izan ez balitz?", galdetu dute, Bizkaiak borroken lurralde eta subjektu izaten jarraitzea eskatzeko.