Garbiketa sektoreko hitzarmenaren negoziaketa blokeatu izana egotzi diote FCC enpresari

uriola.eus 2022ko api. 21a, 15:34

Goizean Boluetan egindako ekintza (Argazkia: Gora Garbitzaileak)

Gora Garbitzaileak taldeak munduko pertsonarik aberatsenen artean dagoen Carlos Slimen jabetzapeko enpresa seinalatu du garbiketa sektoreko hitzarmenari trabak jartzeagatik. Horrez gain, apirilaren 26rako eta 27rako deitu duten grebarako deia zabaldu dute.

Fomento de Construcciones y Contratas enpresak Boluetan duen egoitzan ekintza une batez okupatu dute gaur goizean Gora Garbitzaileak taldeko kideek: “Enpresa honen jabea den Carlos Slim munduko abertsanenen zerrendan hamairugarren postua hartzen du. Gaur bera seinalatzea erabaki dugu, guztiz salagarria delako garbitzaile batek urte osoko nekearen ondorioz irabazten duena gizon honek minutu soil batean irabazten duela”. Horrez gain, aipatu bezala, hitzarmenaren blokeoaren erantzuletzat jo dute enpresa. LAB eta ESK sindikatuen babesa dauka ekimenak.

Ez da taldeak azkenaldian aurrera eraman duen ekintza deigarri bakarra, eta gaurkoaren harira kaleratu duten oharraren arabera, “hitzarmen duin bat lortu arte” borrokan jarraitzeko asmoa daukate. Hori guztia dela eta, datorren asteko asteartean eta asteazkenean greba egingo dute, 15 pagaz osatutako 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeko, besteak beste.