Ukrainatik datozen errefuxiatuentzako laguntza-ildoa onartu du udalak

uriola.eus 2022ko api. 22a, 11:41

50.000 euroko paketea ekintza humanitarioko programak (laguntza, sorospen, babes eta berreraikuntza jarduerak), giza eskubideen defentsa eta gizarte-larrialdiko laguntzak babesteko izango dela azaldu dute.

Ukrainako gerraren ondorioz errefuxiatutako pertsonei laguntzeko ekintza humanitarioko eta larrialdi-ekintzako 2022ko programak da dirulaguntza ildoaren izena.

“Gorakada militar handi honen ondorioz, hildakoak eta zaurituak egon dira, eta zibilak masiboki leku-aldatu dira, bai Ukraina barruan, bai ondoko herrialdeetara. Azpiegitura zibiletan eta etxebizitzetan suntsiketa eta kalte larriak egin dira. Dirulaguntza hauen helburua da udalaren mailan erantzun humanitario eraginkorragoa eskaintzea”, azaldu du Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotziak.

Deialdi honetan aurkezten diren programen hartzaileak gerraren ondorioz Ukrainan edo inguruko herrialdeetan (Polonia, Eslovakia, Hungaria, Errumania eta Moldavia) errefuxiatutako edo leku-aldatutako pertsonak izango dira. Eskaerak aurkezteko epea gaur bertan ireki dute, eta maiatzaren 6ra arte egongo da irekita. Informazio gehiago, hemen.