Gastu militarra salatu dute bizikleta martxa baten bitartez

uriola.eus 2022ko api. 25a, 10:48

Gerraren, gastu eta industria militarraren aurka egin du hainbat talde antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak bultzatutako larunbateko bizikleta martxak. 11:00etan abiatu da eta material militarra gehien ekoizten duten Bilbo handiko bi enpresa garrantzitsuen aurrean kontzentratu da hauen lana salatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoa estatu mailan armetan gehien fakturatzen duen hirugarren erkidegoa da eta kolektiboen esanetan erakunde publikoek "gero eta gastu militar handiagoa" egiten dute industria militarrean. Hori salatzeko eta ezagutzera emateko asteazkenean iragarri zuten 14. txirrindularitza martxa burutu zuten, Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC, Komite internazionalistak, La guerra empieza aquí eta Ongi Etorri Errefuxiatuak kolektiboek.

11:00etan abiatu ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Jauregitik eta Barakaldon dagoen ITP Aero eta Getxon dagoen SENER enpresatara egin zuten bidea. Izan ere, ITP Aeroren negozioaren %29 gerra sektorea da eta SENER Espainiako Estatuan misilen sektorean dagoen bigarren enpresa da, seigarrena aeroespazial militar sektorean eta hamabigarrena armamentu-segmentuan. Euskadik guztira 750 milioi euro fakturatzen ditu material militarra ekoizteagatik.

Egun euritsua izan arren anoraka erantsita hamarnaka pertsona atera ziren bere bizikletarekin "gastu militar eta armen trafikoaren amaiera eta euskal armagintza enpresen ekoizpena zibil bihurtzea" eskatzeko. Orbea enpresa jarri zuten adibide gisa. Izan ere, bere garaian mota askotako armak egiten zituen eta gaur egun bizikletak egiten ditu. Gizarte larrialdiko egoerek arretarik jasotzen ez duten bitartean “Euskal Instituzioek arma lantegiekin duten inplikazio gero eta handiagoa eta militarismorako baliabideak handitzea” kritikatu dute.