Normaltasunera bueltatuko da FANT jaialdia 28. edizioan

uriola.eus 2022ko mai. 1a, 18:00

Bilboko zinemaldi fantastikoa maiatzaren 6an hasiko da Virus-32 nazioarteko estreinaldiarekin. 47 saio izango ditu maiatzaren 14era arte eta Sail Ofizialean 18 film luze lehiatuko dira. Fantastikoaren izarra saria Nicholas Meyer iparramerikarra izango da. 

Campos Eliseos antzokian egingo den inaugurazio-galak hasiera emango dio jaialdiari maiatzaren 6an. Aurkezpenean Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Zinegotziak esan zuen moduan "fantasiazko eta beldurrezko generoa maite duten guztiek, programazioz betetako 9 egunetan proposamen interesgarriak, askotarikoak eta berriak aurkituko dituzte”. Gustavo Hernandez uruguaitarraren Virus-32 film luzea nazioartean estreinatuko da hasierako galan eta ondoren Sail Ofizialeko 13 euskal film laburrak proiektatuko dira. 

Amaiera ekitaldia maiatzaren 13an egingo da BBK aretoan. Bertan Nicholas Meyer idazle, gidoilari, ekoizle eta zuzendari estatubatuarrak Fantastikoaren Izarra saria jasoko du. Star Trek sagako hainbat filmen zuzendaria izan da eta Los pasajeros del tiempo (1979) proiektatuko da. Zuzendari gisa film horrekin egin zuen debuta, hain zuzen ere. 

Beste sariei begira, Prano Bailey-Bond zuzendari eta gidoilari galestarrak Fantrobia saria jasoko du. Gainera, Censor, bere lehen film luzea proiektatutako da ostegunean. Bestalde, Bego Vicario eta Patxi Azpillaga beteranoek Ohorezko Fant saria jasoko dute UPV/EHUtik animaziozko zineman talentu berria bultzatzen egindako lanagatik. Macarena Gómez aktoreak ere jasoko du saria.

Garrantzi handiko sailak

Urtero bezala eskaintza anitz eta oparoa izango du Sail Ofizialak. 18 titulu izango ditu guztira eta Midnight (2021, Hego Korea, Oh- Seung Kwon), eta We Are Living Things (2021, AEB, Italia eta Txinako koprodukzioa, Antonio Tibaldi:) filmak lehen aldiz erakutsiko dira estatuan.

Pareko garrantzia film laburrek izango dute. Programazioan indar handia izango dute sail honek dakarren 35 laburmetraiak. Lehen ediziotik nagusi izan dira eta sari propioak izan dituzte. Fant en corto nazioarteko Sail Ofizialeko filmak Azkuna Zentroko Auditorioan proiektatuko dira maiatzaren 7an, 19:50ean. Bestalde, euskal lanak bere tokia izango dute. Fant laburra saila izango da hauentzako espazioa. Euskal errealizadoreek sinatutako 13 film laburrak Campos Antzokian proiektatuko dira ostiralean, hilak 6, inaugurazio-emanaldiaren ondoren. Azkenik Ikuspegi Fantastikoa Laburra saila egongo da, aparteko saria izango duena. 

Alhondigan Ikuspegi fantastikoa

Bigarren aretoa izango da atal honen tokia. Sarrera doakoa izango da eta zortzi film luzeren nazioarteko hamaika laburmetraia proiektatuko dira. Aldo Salviniren El corazón de la luna film perutarra; Lagunas, La Guarida del Diablo, Marc Carreték zuzendu eta Joan Frank Charansonnet protagonista duen beldurrezko film espainiarra; eta Opal, Alain Bidardek zuzendua.

Ikuspegi fantastikoaren leihaketaz kanpo atalean Estatuko azken estreinaldia hartuko du: Ignacio Lópezen “The Nanny 's Night” filma. Halaber, Fanteko Maisuak atalean izen handien omenezko zikloaren proiekzioak egingo dira eta Roger Cronan izango da protagonista eta Dokufant atalean, Victor Matellanoren Mi adorado Monster erakutsiko da.

Pelikula ikonikoak

Zinemako klasikoak ez ditu ahaztuko jaialdiak eta hiru luzemetraiekin gozarazi egingo ditu ikusleak. Alfred Hitchcocken Frenesi filma; eta Tobe Hooperen Poltergeist, beldurrezko zinemaren historian mugarri izandako filma. PreFANT zikloan hil berri den Esteban Ibarretxe bilbotar errealizadoreari omenaldia ere egin zitzaion, Sólo se muere dos veces filmaren proiekzioarekin.

Sariak eta sarrerak

Epaimahaiak saritutako titulu nagusiak maiatzaren 14an iragarriko dira. Larunbatean BBK Aretoan izango diren saio berezietan emango dira sariak: 18:00etan Ikuspegi fantastikoaren sailaren palmaresa eta 20:00etan Sail Ofizialaren Palmaresa.

Inaugurazio galarako eta euskal film laburren saiorako sarrerak Campos Antzokian erosiko dira, bakoitza 5 euroren truke. Amaiera galarako eta palmaresaren proiekzioetarako BBK Aretoan izango dira salgai, prezio berean.

Gólem – Alhondiga zinemetako 1. aretoan programatutako emanaldietarako sarrerek ere 5 euroko prezioa izango dute. Halaber, zinema-aretoetako leihatiletan 10 sarrerako sortak egongo dira eskuragarri, 25 euroko prezioan (pertsona batentzat edo batzuentzat eta saio berberetarako edo desberdinetarako).