Gerraren aurka, Gernikako sarraskia gogoan

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko api. 27a, 09:41

Gernikako bonbardaketaren 85. urtemuga izan zen atzo, apirilak 26, eta egun horixe hautatu zuten, hain zuzen, Euskal Herriak Gerrari Ez! lelopean elkarretaratzeak egiteko Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan.

Udaletxearen aurrean egin zuten agerraldia, arratsaldeko zazpietan. 450 sinadura eta 25 eragilek deitu zuten mobilizazioa, martxoaren 19an Gernikako Astra kultur fabrikan egindako bilera irekiaren emaitza gisa.

“85 urte dira faxistek Gernikaren gainean bonbak bota zituztela. Gernikan bezala, Durangon, Legution, Otxandion... eta Euskal Herria osoa okupatu zuten faxistek hurrengo urteetan, ipar zein hego. Gerraren mina eta txikizioa jasandakoa da Euskal Herria, eta oraindik bizirik ditugu gure artean gerra bizi izan zuten herrikideak”, horrelaxe dago jasota atzo jendaurrean irakurri zuten manifestuan.

Halaber, gogorarazi nahi izan zuten aurten 36 urte direla NATOri buruzko erreferendumean Euskal Herrian ezezkoa gailendu zela: “Euskal herritarrok ez genuen pasatzen utzi nahi gerra inperialistarako aliantza militarraren parte ez genuela izan nahi esateko aukera. Izaera antimilitarista horrek soldaduskari intsumisioz erantzuteko bidea ere hartu zuen gurean, eta biak ala biak, gaurkotasuna izaten jarraitzen duten jarrerak direla ikusten dugu”.

Gaurkotasun horri jarraikiz, hain zuzen, Ukrainako gatazka edota munduan zehar aktibo dauden gerrak ekarri zituzten gogora: “Errusiak Ukraina erasotu du, gerra piztu da eta horren ondorioz milaka dira hildakoak eta milioika desplazatuak eta etxetik edota herrialdetik ihes egin dutenak. Zenbakiak dira, zehaztugabeak, baina axola duten bizitzak dituzte atzean. Ahaztuagoak, baina badira ere milaka bizitza galdu direnak Sirian, Yemenen, Palestinan, Saharan, Kurdistanen, Afganistanen eta bestelako gerra edo gatazka ahantzietan”. Hala, gerra horiek nahiz pobreziak bultzatuta haien lurraldetik ihes egin behar izan dutenen bizitzen garrantzia ere azpimarratu dute. Halaber, gerretan emakumeek pairatzen duten jazarpen bikoitza ere ez dute ahanzturan utzi nahi izan.

Azkenik, “ultraeskuin berrien harrabotsak” Euskal Herrian ere oihartzun egiten duela eta, honakoa jaso dute: “Ez dugu ahaztu, nahiz eta lausotua sentitu, gure herrikide asko kanpora joan behar izan zirela eta beste herri batzuetan abegiz eta elkartasunez hartu gintuztela”. Beraz, Euskal Herriari zein munduari begira, lau aldarri nagusiren gain jarri dituzte beren aldarrikapenak: Elkarrizketa, Bakea, Bizitza eta Burujabetza.