Inoizko kanpainarik emankorrena izan du Errigorak

uriola.eus 2022ko mai. 3a, 11:00

Iaz baino %20 etxe gehiagotara heldu dira eta %35 litro olio gehiago eta %15 kontserba eta ontzi pakete gehiago banatu dituzte. Bilbon ere, elkarte, taberna eta ikastola gehienek eskaera handitu dute iazkoarekin konparatuz.

Udaberriko kanpainaren banaketak egiten ibili da Errigora egunotan eta inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Nafarroako ekimen herritarrak. Guztira 10.000 etxetara (despentsa) heldu dira. Guztien artean 143.000 litro olio, 271.000 kontserba ontzi eta 41.000 pakete banatu dituzte, aurreko kanpainako datuak ganoraz gainditurik.

Bilbori dagokionez aurreko urteko 11 leku berdinetara heldu dira herritarrentzako produktuak. Olioa izan da arrakasta gehien izan duen produktua. Izan ere Deustuko ikastolak izan ezik, beste guztiek aurreko urtean baino eskaera handiagoa izan dute. Kontserben kasuan ere, datuak nahiko onak dira. Abusu ikastolak aurreko urteko eskaera hirukoiztu du ( 8, 2021ean eta 24, 2022an). Lau kasutan besterik ez dute jaso eskaera txikiagoa.

Azkenik arroza eta pastari dagokionez, gutxien eskatzen dena izan arren datuak ez dira txarrak; Deustuko ikastola, Karmelo ikastola eta Zorrotzako ikastola izan ezik guztiek eskatu dute aurreko urtean baino arroz eta pasta gehiago. Urtero bezala Labore Bilbok izan du eskaera handiena olioari (294L) eta kontserbei (267) dagokionez eta BIRA tabernan eskatu dira arroza eta pasta gehien (24). 

Ekoizteko erak aldatzen

Kanpainaren balorazioan gorakada honen arrazoiak argi izan dute Errigorako kideek: “Elikagaiak ekoizteko erak aldatzeko kontsumitzeko erak aldatzea izan daiteke bide eraginkorrena. bestela esanda; gaurko kontsumoaren araberakoa izango da biharko ekoizpena”. Honi esker, datorren urtean, potxa ekologikoa gehitu ahalko dute eskaintzara eta produktu ekologikoen kopurua handituko dute. Hazialdeko lekale ekoizleen elkartearentzat ere bultzada ederra suposatzen du azaldu dutenez.

"Agroekologiaren printzipioen arabera jarduten duten ekoizleak gero eta gehiago izateko balio du. Lehen inportatzen genituen produktuak gaur gure lurretan ekoizteko balio du", adierazi dute. Bestalde, hazkuntza honek ekoizpenean ere euskarak aurrera egin dezan balio duela aipatu dute. 

Ordutegiak

Toki bakoitzak ordutegi batzuk eskeini ditu eskaera egin duten pertsonek produktuak bilatzera joan daitezen.