"Gaur, apirilaren 26an, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, lesbofeminismoa aldarrikatzen dugu, jarrera politiko gisa, gure gorputz-lurraldeak menderatzen dituen hegemonia maskulinoaren aurrean; kapitalismoa, arrazismoa eta beste hainbat menderatze-egitura bermatzen dituena, eremu pribatuaren baitan zein kanpoan", halaxe adierazi dute mugimendu feministako kideek performancea amaitu berritan irakurritako manifestuaren hasieran.
Hala, ikusgaitasuna lortzeko borrokaren beharra azpimarratu dute: "Esparru askotan baztertuak izaten jarraitzen dugu, baina, gainera, gure lesbianismoa bizitzeko dugun moduaren arabera, bortizki erasotuak eta are ikusezinduagoak gara". Nabarmendu dute, halaber, gaur egun aintzat hartzen den lesbiana eredua despolitizatua den hori dela, eta heteroarauaren aurrean luma baliatzeko eta harrotasunez erakusteko deia luzatu diete bertaratuei.
Ildo beretik, aurrekoen borrokak aitortu nahi izan dituzte: "Lubaki honetan heteropatriarkatuaren aurka borrokatu ziren lesbiana, butch eta mari-mutil guztien oroimena ospatzen dugu gaur". Hala, lesbofeminismoaren "esanahi erradikalaren" kontzientzia hartu eta izaera politiko eta kritikoa aurrera eramateko asmoa azaldu dute.
Asteburuko hitzordua
Apirilaren 26aren bueltako ekintza gehiago egongo dira asteon. Hala, larunbatean, hilak 30an, eguerdiko hamabietan abiatuta Deriva lesbiana izendatu duten ibilaldia egingo dute. Azaldu dutenez, Bilboko lesbianen "aldarrikapenerako, sanaziorako, sozializaziorako, eraikuntza politikorako eta ligatzeko" txoko nagusietan zehar lesbianen genealogia ezagutzeko hitzordua izango da. Horren ostean, Bilbo Zaharreko plazan DJ Hija del Nopalek girotutako vermut bollo tropikala egongo da.