Maiatzaren 2tik aurrera Bilboko TAO sarea handituko da. Oraindik dohainik aparkatu ahal zen Abusu, Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrieta auzoetan denbora mugatu eta ordainpeko aparkaleku sistema ezarriko du udalak. Bestalde Deustuko 8. eremua hedatuko da eta Madariaga Etorbidea, Morgan kalea, Etxezuri bidea, Ibarrekolanda kalea eta Madariaga etorbideko kanpoko aparkalekua hartuko du.
Udalak azaldu duenaren arabera herritarrek banan-banan nahiz elkarteen bidez egindako eskaera izan da. Udalak aparkatzeari buruz egin dituen azterlanek berretsi zuten beharrizan hura eta udal talde guztien baiezkoarekin aurrera atera zen proposamena.
Eremu berriak
Datorren astelehenetik aurrera Abusu izango da 13. eremua. Honek bi sektore izango ditu irudian ikusi daitekeen moduan: berdea eta "L" berdea. Eremu hauetako aparkalekuetan txartela eskatzen duten egoiliarrek ez dute tiketa atera behar eta denbora mugarik gabe aparkatu ahalko dute.
Egoiliarrak ez direnak, gehienez bost ordu aparkatuko ahalko dute zona berdean, dagokion tarifa ordaindu ostean. "L" sektorean berriz, tarifa bakarra egongo da, goizez edo arratsaldez aparkatu ahal izateko. Bi tokietan, tiketaren denbora amaitu eta gero, zona utzi beharko da eta hiru ordu pasatu arte ezin izango da berriz aparkatu.
14. eremua Ibarrekolandakoa izango da. Honek ere bi sektore izango ditu; berdea eta urdina. Egoiliarrek, txartelarekin denbora-mugarik gabe aparkatu ahalko dute lehenengoan eta bi orduz bigarrenenean tiketa aterata.
Bisitariek, gehienez bost orduz aparkatu ahalko dute sektore berdean eta bi orduz urdinean dagokien tarifa ordainduta. Abusun gertatuko den bezala, denbora agortzean eremutik atera beharko dira eta hiru ordu igaro arte ezin izango dute berriz aparkatu bertan.
Azkenik San Ignazio-Elorrieta gunea izango da 15. eremua eta honek ere bi sektore izango ditu, ABusuk izango dituen berdinak: berdea eta "L" berdea. Txartela eskatzen duten egoiliarrek denbora-mugarik gabe aparkatu ahalko dute bi sektoreetan, tiketik atera gabe.
Bisitariek berriz, tarifa ordainduta, gehienez bost ordu aparkatuko ahalko dute zona berdean. "L" sektore berdean, tarifa bakarra egongo da egun erdiz aparkatzeko; goizez edo arratsaldez. Bi eremuetan, tiketaren denbora-muga amaitzerakoan, zona utzi beharko dute, eta ezin izango dira hiru ordu pasatu arte itzuli. Beraz Abusuko eremuaren funtzionamendu bera izango du.
Deustuko TAO-ren handitzea
Aipatutako hiru auzoetako eremuez gain, Deustuko 8. eremua handitu egingo da. Sektore berde gisa zabalduko da Madariaga etorbidera (San Felicísimo kaletik Etxezuri bideraino), Morgan kalera (Etxezuri bidetik Ballets Olaeta kaleraino) eta Ibarrekolanda kalera (Ugarteko plazatik Enekuri kaleraino). Horretaz gain, Madariaga etorbideko kanpoko aparkalekua "L" sektore berde berria izango da.
Sektore berdea, "L" berdea eta urdina egongo dira Deustun eta beste eremu guztietan bezala funtzionatuko du. Dagokion tarifa ordainduta bost ordu gehienez lehenengoan, bi ordukoa bigarrenean eta egun erdikoa hirugarrenean. Txartela duten egoiliarrek, dohainik nahi duten denbora aparkatu ahalko dute zona berde eta "L" berdean eta tiketa aterata bi orduz eremu urdinean.
Egoiliarren txartelak
Egoiliarrek txartela eskuratzeko aukera dute jada astelehenetik aurrera erabili ahal izateko. Eskabideak aurrez aurre nahiz egoitza elektronikoaren bidez (www.bilbao.eus/eudala) tramitatu ahalko dituzte. Aurrez aurreko eskaerak San Agustin eraikinean egingo dira aurretik hitzordua eskatuta www.bilbao.eus/citaprevia webgunean edo 010 / 94 401 00 10 telefonoetan.
Astelehenetik ostiralera 09:00-13:30 eta 15:00-20:00 ordutegia izango dute zona berriak eta larunbat eta igandean ez da TAOrik egongo. Bestalde abuztuan goizez besterik ez du funtzionatuko.