LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Prekarietateak sortzen dituen lan istripuak salatzeko atera da kalera gehiengo sindikala

uriola.eus 2022ko api. 28a, 13:52

'Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez!' lelopean manifestazioa egin dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Amaieran Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, iaz Euskal Herrian lan istripuengatik hildako langileei lore eskaintza egin diete.

Laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean prekaritateak langileak hiltzen dituela eta lan heriotzak salatu du gehiengo sindikalak manifestazio jendetsu baten bitartez. Luli Eraso LABeko lan osasuneko arduradunak  "osasunerako eskubidea" eta lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea bermatuta ez dutela salatu du. Izan ere, 2021ean 68 pertsona hil ziren lan istripuengatik eta aurten jada 20 hil dira; aurreko urtean baino 7,9% gehiago. "Urtez urte gora egiten duen arazo estrukturala da" kritikatu du Erasok.

Bestalde laneko gaixotasunen azpierregistroa ere "eskandalgarria" dela azaldu du LAB-eko kideak. Erregistro ofizialik ez badute ere amiantoren ondorioz, 2021ean 17 pertsona hil zirela aipatu du. "Ez dira berez gertatzen baizik eta eragiten direla. Enpresetan ez dituzte prebentzio politikak egiten eta horregatik ditugu istripu kopuru hain handiak", azaldu du Erasok eta errua patronalari leporatu dio: "Enpresetan ez du prebentzioa egiten eta lehenesten ditu bere interes ekonomikoak". Honen aurrean instituzioei eskatu die "beste alde batera begiratzen ez jarraitzea egoera aldatu ahal izateko".

Luli Erasoren ostean Leire Herediak hartu du hitza, ELAko lan osasuneko arduradunak. Laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean "gauza asko ospatzeko baino, gauza asko salatzeko" dutela aipatu du. Erasoren hitzak nabarmendu ditu eta arazoaren ardura inork ez duela bere gain hartzen salatu du. Konponbide bat lortzeko aldaketak eskatu ditu: "Politika mailan eta lan osasunean ere aldaketak behar dira. Inbertsio gehiago bai teknologikoki eta bai giza baliabideetan, enpresek lan osasun arautegia betetzea lortzeko".

Bi sindikatuko kideek azaldu dutenez arazoa berdin jarraitu arte kalera ateratzen jarraituko dute. Leire Herediaren arabera "kalera ateratzen gara edo bestela inork ez du egingo".

UGT-ren kontzentrazioa

Gehiengo sindikalaren manifestazioaren aurretik, 11:00etan UGT-k kontzentrazioa egin du Moyuako plazan. Juan Carlos Cardenas laneko segurtasun, osasun eta ongizate idazkariak lehen hiruhilekoan baja eragin duten istripuen erregistroa azken bost urteetako txarrena izan dela azpimarratu du eta aurten lan istripuengatik hildako kopuru handia ere azpimarratu du. "UGT-tik uste dugu frogatuta dagoela administrazioak hartutako neurriek ez dutela istripu tasa murrizteko iragarritako eraginik izaten", kritikatu du Cardenasek.