Euskal kulturaren oinarri eta igogailu izan nahi duen museoa

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko api. 28a, 14:12

Eraberritze proiektuan parte hartu duten erakunde, enpresa eta taldeen ordezkariak, gaurko aurkezpenean (Argazkiak: Bilboko Uriola eta Euskal Museoa)

Bilboko Euskal Museoak ateak itxita ditu gaur egun, eraberritze integraleko prozesuan dago eta. 2024an berriz ere zabaltzea aurreikusten dute, eta izango dituen ezaugarri nagusiak eta proposamen museografikoa aurkeztu dituzte. Marka irudi berria ere eman dute ezagutzera.

Vaillo+Irigaray estudioak zuzendu du eraikinaren proiektu arkitektonikoa, eta museografiaz, aldiz, JMASOC estudioak. Euskal Museoko zuzendari Sorkunde Aiartzak azaldu duenez, eraberritze lanok derrigorrez egin beharrekoak dira, bai eraikina bera ahalik eta ondoen kontserbatzeko, baita barruko piezak behar bezala zaintzea bermatuko duen espazioa ahalbidetzeko ere. Bestalde, museoa bera eguneratzeko aukera izango da, “nondik gatozen eta nora goazen” aintzat hartuta. Proiektu anbiziotsua da, eta nazioartera irekitzeko zein nazioarteari irekita egoteko asmoa duena, museoko arduradunek azaldu dutenez.

Egokitzapen lanok aurrera eramateko, museoko piezak gordailu berezi batera eraman dituzte, eta bertan aurkitzen dira gaur egun. Prozesu konplexua izan da, kontu handiz egin behar izan dutelako lekualdaketa, eta asko zaindu behar baitira gordailuko baldintzak nahiz elementu guztien kontrola eta jarraipena. Hemen ikus daiteke lanok zer nolakoak diren azaltzen duen ikus-entzunezkoa:

   

Aurkezpenean JMASOC estudioko ordezkari gisa jardun duen Jesús Morenok azaldu duenez, euskal kulturaren berezitasuna bere ondarearen bidez irudikatuko du museoak: “Espazio bakoitza elkarreraginean dauden unitate gisa proiektatu da, ad hoc aukeratu eta diseinatutako pieza, erakusketetarako euskarri eta baliabide teknologikoekin”. Piezen, ikus-entzunezko baliabideen eta bestelako elementuen arteko harmonia bilatzea izan dute xede, bisitariak esperientziaren partaide sentiarazteko helburuz. Punta-puntako teknologiak txertatuko dituzte eraberritze honetan zehar. Esate baterako, elementu guztien zainketa eta kontserbazio maila gorena bermatuko duten punta-puntako beira-arasa berriak. Hiru urtez aritu dira hobekuntzak txertatzeko ikerketa lanetan.

Hainbat ingurune izango ditu Euskal Museo berriak, eta bi gune handienak Miserikordia eta Klaustroa izango dira. Lehenengoak “euskal kulturaren sutraiak, hizkuntza, lurraldea eta Euskal Herriko lurraldeetako ikonoak edo bitxi antropologikoak ezagutzera” gonbidatzen du ikuslea. Bigarrenean, berriz, “ondarea erakutsi, duindu eta arte kategoriara igotzen da”, 1.000 pieza inguru hartzen dituen erakusleiho bihurtuta.

 

Bi eremu zabal horiez gain, Klaustroaren bueltan kokatutako A, B eta D aretoak egongo dira, pieza zein erakusketa diseinu berezituak hartuko dituztenak.

Bestalde, E aretoak, Enborrak, “ondarearen alde anonimoak” jorratuko ditu, euskaldun komunitate zabalaren erakusgarri. Bolumen handiko piezak nagusituko dira hor (golde industriala, ehungailua eta txaluparen eskeletoa, besteak beste).

Azkenik, museoaren sinbolo nagusietakoa den Mikeldiak orain arteko bere kokapena mantenduko du, klaustroaren beheko solairuaren erdi-erdian.

Eraberritze integralaren proiektua ezagutzera emateko erakusketa ibiltaria jarriko dute aurki martxan, Bilbon hasi eta datozen hilabeteetan hainbat herritan ikusgai egongo dena.

Irudi berria

Eraldaketa integralarekin batera, marka irudia ere aldatuko du Euskal Museoak, hori ere plan museologikoarekin eta igorri nahi den mezuarekin integratuko delarik. Klaustroko zutabeak, atari berria eta etengabeko hazkundea eta mugimendua ordezkatzen diteun jasogailua logotipo bakarrean irudikatzea izan da asmoa, eta Euskal Museoaren siglak diren E eta M hizkiak ere suma daitezke.

2024an irekitzeko aurreikuspena

Hasiera batean 2023rako irekitzeko asmoa bazuten ere, oraingo aurreikuspena 2024ra atzeratu dute. Obra nagusia hilabete barru hasiko dute, eta “dena ondo badoa”, 17 hilabetez luzatuko dira. Bitarte horretan, eta aurrerantzean ere bai, modu jarraituan, gordailuan dauden piezak gutxinaka zaharberritzen joango dira. Izan ere, aipatu bezala, 1.000 pieza inguru erakutsiko dituzte erdi-iraunkorra izango den bilduman, baina museoaren funtsak 50.000 pieza baino gehiago batzen ditu guztira. Hala, Sorkunde Aiartzak azaldu duenez, tarteka piezak aldatuz joango dira, jasangarritasuna zainduz betiere.

Bada, ateak irekitzen dituenean, erakusketa erdi-iraunkor hori erakutsiko du soilik museoak, eta aurrerago txertatuko dituzte aldi batekoak. Aiartzak aurreratu duenez, orain arte gordeta egon diren hainbat pieza jarriko dituzte ikusgai lehen aldiz.