Mende laurdena igaro da eliza barroko bat gazteentzako kultur gune bihurtu zenetik. 1997tik erreferentziazko espazioa izan da gazteentzat eta kulturaren sustapenerako. Musika ez ezik urte hauetan guztietan, zinema, antzerkia, dantza, moda, poesia errezitaldiak, ikus-entzunezkoak, konferentziak, aurkezpenak... egon dira.
Hiriko kulturaren erreferente izan den aretoa 6.500 ekitaldi baino gehiago programatu ditu eta maila handiko artistak izan ditu oholtza gainean: The Cors, Robbie Williams, Amaral... Aurtengoa urte berezia da eta horregatik zerbait berezia egin nahi izan dute. Atzo, urteurrenari hasiera emateko Juan Mari Aburto alkatea buru izan duen inaugurazio jaialdia egin zuten eta maiatz osorako programazioa aurkeztu zen.
25 urte bete dituenez aretoak urte hauetan bertatik igaro diren 25 pertsona, entitate edo talde omendu dituzte. Bilborocken historiari egindako ekarpenarengatik goraipatu nahi izan dituzte ohiko programen programatzaileak, hala nola Femme, Freskure, Zinegoak, edota auzo-entitateak, hala nola Sarean eta Afrook de Betto Snay.
Izen horien guztien artean Fito Cabralesek jaso du aipamen berezia. Izan ere, artista bilbotarraren hastapenak Bilborocken eman ziren. Ekitaldian ezin izan denez egon mezu bat bidali du bideo baten bidez, esker ona emanez aipamenarengatik eta Bilborocken balioa goraipatuz.
Alkateak, zorionak eman nahi izan dizkie aipatutako artista guztiei eta eskerrak eman dizkie funtsezkoak izan direlako aretoaren arrakastan: "Bilborock-ek erakusten du zer uri-eredu nahi dugun, uri gazte eta dinamiko bat, talentuaren, sormenaren eta etorkizunaren aldeko apustua egiten duena, baina historia handiko bere iragana ahaztu gabe, Bilborock gazteendako eta kultur produkziorako sinergia-gune bat bihurtu da".
Aburtoren hitzen ostean Haizea Gómez eta Lola Guerricaechebarria jai-giroa eman zioten ekitaldiari musika-emanaldiekin. Bestalde, txalapartariak eta DJak egon ziren, Bilborocken jo izan duten taldeen binilozko diskoak jartzen. Ez zuen inork galdu izan nahi ekitaldia eta Bilborock-en kultur eta musika programazioko ohiko pertsonak izan ziren bertan, bai eta gazte kolektiboak, auzo elkarteak eta beren egunerokoan era batera edo bestera udal-areto honekin harremana duten pertsonak ere.
Ekintzaz beteriko maiatza
25 urteak behar bezala ospatzeko Bilborockeko agenda bete dute datorren hilabeterako. Maiatzaren 7an 11:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 23:00etara nahi duten bandek eta bakarlariek berritu duten entsegu-aretoa ikusi ahalko dute eta arratsaldeko emanaldien maratoian jo ahalko dute.
Maiatzaren 13an 20:00etatik 22:00etara martxo eta apirileko musika-produkzio tailerreko 20 gazteek bere musika-lanen aurkezpena egingo dute. Hurrengo egunean, 14an, 2021eko DJen lehiaketako irabazleek kontzertua emango dute 20:00etatik 00:00etara.
15ean, asteburuari amaiera emateko 17 eta 20 urte bitarteko 15 gaztek moda ekitaldi batean parte hartuko dute DJzulix eta Lin Davinchi artisten musika-emanaldiekin, kulturartekotasuna sustatzeko, bizikidetzarako eta gazteen arteko errespeturako guneak sortuz. Maiatzaren 19an 19:00etatik 22:30era bertatik igaro diren bandekin zerikusia duten bideoklip onenak proiektatuko dira Caostica kolektiboaren eskutik. Bestalde, Cherry Boppers soul-funk bandaren kontzertua egongo da.
22a James Rom-en txanda izango da eta 13:00etatik 14:30era Etxean izeneko album berria aurkeztuko du. Hiru egun geroago, 25ean artista gazteentzako topagunea egingo da 18:00etatik 23:00etara. Hurrengo egunean Femme Bilbao programak bere lekua hartuko du. 18:00etatik 23:00etara emakume bakarlari profesional eta amateurren kontzertu-solasaldiak egingo dira.
Freskura jarriko dio amaiera urteurreneko programazioari. Maiatzaren 27an, 20:00etatik 01:00etara musika emanaldia egingo dute tokiko bandek. Maiatzean hasiko da eta hilero-hilero ospatuko da ostiralero.